Kolonizazioak eragindako iheslariak

Berria, Adrian Garcia, 26-02-2016

Ahaztutako errefuxiatuak dira. Errefuxiatuak euren etxean bertan. Israelek bultzatutako kolonizazioak iheslariak eragiten ditu egunero, baina datu horiei jaramon gutxi egiten diete Europako agintariek, itsasoz Greziara ailegatzen direnen krisi humanitarioa ezin kudeaturik. Atzo bertan Jerusalem Ekialdeko Silwan auzuneko familia batek etxetik kaleratzeko agindua jaso zuen, Ateret Cohanim eskuin muturreko taldearen salaketaren ondotik. Wadi Hilweh Informazio Zentroak salatu duenez, talde ultranazionalista horren helburua Jerusalem Ekialdean gehiengo judua sortzea da, familia palestinarrak kanporatuz.

Israelen kolonizazio planak aurrera egin ahala palestinarrekiko bazterketak aurrera egin du. Israelgo gobernuz kanpoko Betselem eta Hamoked erakundeek salatu dute Shin Bet Israelgo barne segurtasuneko zerbitzuak atxilotuak torturatzen dituela «sistematikoki». Ashkelon hiriko Shikma kartzelako 116 kasu aztertu dituzte, eta horietan guztietan denbora luzez lo hartzea galarazi diete, zigor gela txikietan bakartu dituzte eta muturreko tenperaturetan eduki dituzte.

Gisa horretako beste bi txosten kaleratu dituzte erakunde horiek aurretik, Poliziaren metodoak auzitan jartzeko. «Jarduteko era horrek politika ofizial bati erantzuten dio. Atxilotuei dutxa bat hartzea eta arropaz aldatzea debekatzen diete hainbat egunetan». Shin Betek argudiatu du «legearen arabera» jarduten dutela poliziek; Auzitegi Gorena ari da kasu horiek ikertzen.

3.100 atxiloketa iaz

Guztira, Israelek 3.100 palestinar atxilotu zituen iaz, segurtasun zerbitzuen datuen arabera. Shin Betek dioenez, herenak «jarduera terroristarekin» lotura zutelakoan atxiki zituzten. Poliziak jakinarazi du 208 eraso zapuztu zituztela iaz; hemeretzi bahiketa, hamabi eraso suizida, 120 eraso suzko armekin eta 47 labankada eta autoekin egindako borondatezko harrapaketak.

Iragan urrian indarkeria zurrunbiloa piztu zen, Jerusalem Ekialdeko Al-Aqsa meskitako liskarrek eraginda. Ordutik, 181 palestinar hil dituzte, gehienak ustez israeldarrei eraso ondotik. Hildako israeldarrak, berriz, 29 izan dira.

Israelgo kolonoen indarkeriak ere gora egin zuen iaz. Dawabshe familiaren aurkako erasoa izan da okupazioaren krimenen erakusgarri nagusia. Abuztuan, etxebizitza baten aurka molotov koktelak jaurtita, familia bateko hiru kide hil zituzten erreta, hemezortzi hilabeteko haur bat barne.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)