Errefuxiatuen krisian, estatu kideen alde bakarreko neurriak salatu ditu Greziak

Europari muzin egingo diola ohartarazi du Tsiprasek. EBk jakinarazi du «egoera kritikoa» dela. Martxoaren 7an izango da goi bilera Turkiarekin

Berria, , 26-02-2016

Alexis Tsipras oso suminduta mintzatu da: «Batzuek uste badute hesiak eraiki ditzaketela, jakin behar dute ez dugula inondik inora onartuko; Greziak erantzun egingo du». Lehen ministroak salatu du errefuxiatuen krisiari aurre egiteko estatu kideek alde bakarreko neurriak hartzen ari direla eta ez direla hartutako konpromisoak betetzen ari: «Greziak ere aurrerantzean ez ditu onartuko legezko akordioak». Horren harira, Europako Batasunari estatu kideen jokaeraren inguruan berdin ez erantzutea leporatu dio: «Arau eta akordio komunak edo denei ezartzen zaizkie edo ez dira existitzen».

Tsiprasi ez zaio arrazoirik falta. Hilaren 12an hiru hilabeteko epea eman baitzioten kudeaketan izandako gabeziak zuzentzeko, eta eskaera horien inguruan erantzun azkarra eman du Atenasek. Mazedoniako mugan errefuxiatu afganistandarrei bidea itxi izanak, baina, egoerak okerrera egitea eragin du berriro. Uhartean milaka lagun daude aurrera egin ezinik, eta horrek harrera gune gehiago prestatzera behartu du.

Austriak asilo eskaerak eguneko 80ra mugatu ditu, eta mugan kontrol zorrotzagoak ezarri, eta horrek eragin zuzena izan du herrialde hori helmuga duten errefuxiatuen zeharkaldian. Balkanetako bederatzi estatuk, domino efektu batean, mugak hesitu eta kontrolak gogortu dituzte. Austriak Grezia egiten du egoera horren erantzule, esanez ez dituela mugak behar bezala zaindu.

Europaren kezka

Dimitris Avramopulos Europako Batzordeko Migrazio komisarioa kezkatuta agertu da egoerarekin. Alde bakarreko neurririk ez hartzeko eskatu die estatu kideei, eta ohartarazi datozen hamar egunak erabakigarriak izango direla: «Sistema guztiz kolapsatzeko arriskua dago, egoera kritikoa da, eta giza krisia bertan da, erreala da, eta gertu dago». EBk eta Turkiak martxoaren 7an egitekoa duten goi bilerari egin dio erreferentzia komisarioak.

Ohartarazpenek, baina, ez dute oraingoz askotarako balio izan. Bulgariako Parlamentuak atzo bertan onartu zuen mugara 2.100 eta 2.800 soldadu bidaltzea. Turkiarekiko mugan eraikitzen ari den hesia, berriz, aurrera doa; orain arte 70 kilometro luzeko itxitura egin du, eta aurten beste 90 kilometrokoa egingo dute.

Alemanian, berriz, asilo legea gogortzeko kontserbadore eta sozialdemokraten neurria onartu du Bundestagek. Asiloa edo errefuxiatu estatusa aitortzen ez zaien senideei elkartzeko mugak ezarriko zaizkie aurrerantzean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)