Iheslariak geldiarazteko ituna egin dute Austriak eta Balkanetako estatuek
Amnesty Internationalek salatu du gutxienez 30 herrialdek ez dituztela errespetatzen errefuxiatuen giza eskubideak. Hungariak erreferendumera deituko du, iheslariak jasotzeaz erabakitzeko
Berria, , 25-02-2016Greziatik eta Italiatik Europara iritsitako iheslariak geldiarazi nahi dituzte, haien herrialdeetatik igaro ez daitezen. Austriak eta Balkanetako bederatzi herrialdek bilkura egin dute, errefuxiatuen krisia dela-eta «kooperazioa indartzeko», eta Mazedoniaren eta Greziaren arteko mugaldera mugazainak bidaltzea adostu dute. Haatik, Grezia ez dute gonbidatu bilkurara, nahiz eta errefuxiatuak herrialde horretatik sartu ohi diren Europara.
Austriak gonbidatuta, Eslovenia, Kroazia, Bosnia, Serbia, Bulgaria, Montenegro, Mazedonia eta Kosovoko ordezkariak bildu dira Vienan. Udaberria iritsi aurretik neurri sorta bat aurrera atera nahi dute, errefuxiatuen ibilbidea oztopatzeko. «Ezin dugu iaz bezala jarraitu», adierazi du Austriako Barne ministro Johanna Mikl-Leitnerrek. Austriak 90.000 asilo eskatzaile jaso zituen iaz.
Hamar estatu horien jarrerak kritika ugari piztu ditu, Europa osoaren erantzun bateratu bat lortzen ez saiatzeagatik. Izan ere, mugen itxierak iheslarien ezinegona areagotu du, milaka lagun Grezian harrapatuta geratu baitira, ez aurrera ez atzera. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatari Filippo Grandik esan du «prest» daudela Grezia laguntzeko Balkanetako herrialdeek muga ixten badiote. EBren politikak kritikatu ditu Grandik, Grezian eta Italian dauden 160.000 errefuxiatu beste leku batzuetan kokatzeko hitzarmena ez betetzeagatik. «Erantzukizuna denen artean banatu beharra dago. Ezin diegu dena Siriaren bizilagunei utzi».
Estatuek krisiari emandako erantzuna gaitzetsi du Amnesty Internationalek. Gutxienez 30 herrialdek ez dituzte errespetatu errefuxiatuen giza eskubideak, eta nazioarteko legeari muzin eginez kanporatu dituzte arriskuan egon daitezkeen herrialde batera, erakundeak urteroko txostenean argitaratu duenez. Herrialde horietatik gutxienez bost EB Europako Batasuneko kide dira: Herbehereak, Hungaria, Grezia, Bulgaria eta Espainia. Errusia, Saudi Arabia, Australia, Turkia, Serbia eta Mazedoniari ere kargu hartu die AIk. Atzo bertan, Alemaniak, Afganistango 125 errefuxiaturi asiloa ukatu, eta hegazkin batean jaioterrira itzularazi zituen, «haien borondatez», Berlinek zehaztu duenez.
Australia, auzitan
Gobernuz kanpoko erakundeak Australiaren migrazio politika «gogorra» kritikatu du txostenean. Australiak giza eskubideen urraketak dokumentatu ditu Nauru eta Papua Ginea Berriko Manus uharteetako harrera guneetan. Bortxaketak, bestelako sexu jazarpenak eta indarkeria sufritu dituzte iheslariek. Adingabeen aurkako jazarpenaren salaketak ere bildu ditu AIk.
Australiak jasotzen dituen asilo eskaerak beste herrialde batzuetara tramitatzen ditu. Baina herrialdera iristen saiatzen diren migratzailez betetako ontziak lehorrera iritsi aurretik kanporatzen ditu, haien asilo eskaerak kontuan hartu gabe. «Haien herrialdera itzultzera behartzen ditu, eta benetako arriskua sufritzen dute. Afganistango, Darfurreko, Pakistango, Somaliako eta Siriako gatazketatik ihes egindakoak dira horietako asko. Myanmarren bazterketa sistematikoa sufritzen duten rohingya herritarrak ere badaude tartean. «Australiak berriz aztertu behar ditu errefuxiatuen aurkako jazarpen politikak, eta neurriak hartu giza eskubideak errespetatzen dituen herrialde baten irudia berreskuratzeko nazioartean», adierazi du Brad Adams AIko Asiarako zuzendariak.
Hungaria ere nabarmen utzi du erakundeak, errefuxiatuei emandako tratuagatik. Hain zuzen ere, Viktor Orban lehen ministroak uko egin dio EBk proposatutako iheslari kuota hartzeari, eta erreferendum batera deituko du asilo eskatzaileak hartzearen inguruan erabakitzeko. «Nahi al duzu EBk erabakitzea, [Hungariako] parlamentuaren baimenik gabe, Hungariakoak ez diren herritarren kokalekuei buruz?», izango da galdera, Orbanek berak jakinarazi duenez. «Ezezko botoa ematen duenak Hungariaren independentziaren alde egingo du», esan du lehen ministroak. Halere, oraindik ez du zehaztu kontsultaren egunik.
(Puede haber caducado)