Europaren neurriak, iheslarien sufrikarioa

Mugen itxierek eta beste neurri murriztaileek «errefuxiatuen behargabeko sufrimendua eta anabasa» areagotzen dutela salatu du UNHCRk. Aurten 100.000 lagunetik gora iritsi dira Europara

Berria, Adrian Garcia, 25-02-2016

Anabasa muga postuetan, errefuxiatuen behargabeko sufrikarioa eta Greziaren gaineko presio gero eta handiagoa. Europako herrialdeek hartutako neurri murriztaileek giza krisia sakondu dute, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatari Filippo Grandik salatu duenez. Greziako Lesbos uhartera eginiko bisitan kritikatu ditu Filippok mugetan jarritako kontrolak. «Oso kezkatuta nago Balkanetako herrialdeetako muga itxierengatik. Legezko alternatiben faltan, migrazio irregularrak gora egingo du, eta anabasa eta errefuxiatuentzako arriskua handitu egingo dira».

Azken hamarkadetako errefuxiatu krisirik handiena ezin kudeaturik dabil Europa. Migrazioen Nazioarteko Erakundearen arabera, urtarriletik 100.000 lagunetik gora iritsi dira Europara Mediterraneoa zeharkatuta. Gehienak Greziatik sartu dira (97.000), eta gainerako 7.000 inguru Italiatik. Lehen hilabetean 410 pertsona hil ziren itsasoan, datu ofizialen arabera. Atzo sei ontzitatik 700 bat lagun erreskatatu zituzten Sizilia inguruan. Lau gorpu atera zituzten itsasotik.

Herrialde bakoitzak bere kaxara interpretatu ditu arauak, eta plan bateratu baten faltak iheslarien ezinegona handitu du. Igandetik 8.000 lagun Greziaren eta Mazedoniaren arteko mugan harrapatuta daude, kontrol zorrotzagoak ezarri dituelako Skopjek, afganiarrei sarbidea galarazita.

Herrialdeen koordinazio eskasaren erakusle da Austriak gaurkorako deitu duen bilkura. Errefuxiatuek Europan barrena zeharkatzen dituzten estatuak gonbidatu ditu, baina EB Europako Batasuna eta Grezia kanpoan utzi. «Pentsatu dugu ez dela beharrezkoa gonbidatzea», adierazi du Karl-Heinz Grundbock Austriako Barne Ministerioko bozeramaileak. Grezia Schengeneko kanpo muga da, iheslariak Europan iristen diren lehen herrialdea.

Errefuxiatuen ibilbidea eragozteko herrialdeek kontrolak ezarri dituzte Schengen barruan, mugimendu askatasunari traba jarrita. Danimarkako Gobernuak jakinarazi du beste hamar egunez eutsiko diela kontrol horiei, martxoaren 4ra arte. «Beharrezkoa da Danimarkan ordena eta segurtasuna mantentzeko», esan du Inger Stojberg Integrazio ministroak.

Frontex Europako kanpo mugak zaintzeko agentziak herrialdeen alde bakarreko neurriak kritikatu ditu. «Balkanetako ibilbidea ixten bada, beste batzuk sortuko dira. Mugen itxierek ez dute etengo errefuxiatuen jarioa», adierazi du Fabrice Leggeri erakundeko zuzendariak. Haren arabera, Europara babes bila joko duten asilo eskatzaileen kopurua ez da jaitsiko, «geopolitika auzietan» aldaketarik gertatu ez delako. Ekialde Hurbileko eta Siriako gerrari egin dio erreferentzia Leggerik. «Aurten iazko migratzaile kopuru berbera izaten badugu, urte ona dela esan dezakegu».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)