Gianfranco Rosi zuzendariak «Lampedusara iritsi ez direnei» eskaini die Berlinaleko sari nagusia
Etorkinei buruzko 'Foucommare'-k irabazi du Urrezko Hartza
Berria, , 21-02-2016Hasieratik egon da presente errefuxiatuen egoera aurtengo Berlinale zinema jaialdian. Zinema areto kanpoetan kutxak jarri dituzte, errefuxiatuentzako diru ekarpena egiteko, eta jarrera hori sari banaketan ere egon da. Hain zuzen, gai hori jorratzen duen Fuocommare dokumentalak irabazi baitu Urrezko Hartza saria. Italiako Lampedusa uhartera iristen diren etorkinen drama erakusten du filmak, eta, saria jasotzeko garaian, gogoan izan du etorkinen egoera Gianfranco Rosi zuzendari italiarrak: «Sari hau Lampedusara inoiz iritsi ez direnei eskaintzen diet». Europan etorkin eta errefuxiatuekin izaten ari den politika ere salatu du, «ez baita onargarria jendea itsasoan hiltzen ari den bitartean beste aldera begiratzea». Saria eskaintzeko garaian, uharteko biztanleen eskuzabaltasuna ere gogoan izan du, «arrantzale herria da, eta tokiko herritarrek esaten dute itsasotik etortzen den guztia onartzen dutela eurek».
Hainbat gatazkak ere presentzia izan dute sari banaketetan, eta, horrela, epaimahaiaren sari berezia Danis Tanovicen Smrt u Sarajevu filmak jaso du. Zuzendari bosniarrak Balkanetako egoera erretratatu nahi izan du bere lanarekin, I. Mundu Gerratik hasi eta gaur egunera arte lurralde hark izan duen bilakaera erakutsi baitu. Beste herrialde baten bilakaera erakusten du, bestalde , Hedi pelikulak, Tunisiakoak, hain justu. Majd Mastoura aktoreak film horretan egindako lanagatik jaso du gizonezko aktore onenaren saria, eta «iraultzan parte hartu zuten guztiei» eskaini die. Trine Dyrholm aktoreak, erriz, emakumezkoen sari nagusia jaso du, Kollektivet filmean egindako lanagatik.
Zuzendari onenaren saria Mia Hansen Lovek jaso du, L’avenir filmarengatik. Aurtengo film berezienen artean legoke, bestalde, Filipenetako Hele Sa Hiwagang Hapis ekoizpena. Zortzi orduko pelikula bat da, eta espainiar kolonoek han izandako jarrera islatzen du, eta Lav Diaz zuzendariak Alfred Bauer saria jaso du horregatik. Zinema jaialdiaren «ausardia» goraipatu nahi izan du, sari hori berari emateagatik.
Euskal ordezkaritza
Aurtengo Berlinale zinema jaialdian euskal ordezkaritza ere egon da. Pep Gatell La Fura del Baus konpainiako sormen zuzendariak Andoni Luis Aduriz sukaldari donostiarrari buruzko dokumentala aurkeztu du sukaldaritza zinemaren sailean. Campo a través. Mugaritz, intuyendo un camino izeneko lanak Mugaritz jatetxearen ateak zabaldu nahi izan ditu, «askotan ezkutuan geratzen delako». Hango lan egiteko modua islatu nahi izan du zuzendari kataluniarrak, eta, horretarako, gidoirik gabe joan zen jatetxera, eta «suertatuz joan diren elkarrizketekin» bederatzi kapitulutan banatutako dokumentala egin du. Sukaldaritzari eskainitako saila zabaldu zuen, gainera, eta, ondoren, dokumentalean inspiratutako afaria eskaini zuen Adurizek.
Proiektatu diren gainerako filmetan ez da euskal ordezkaritzarik egon, baina Eusko Jaurlaritzak 32 lanekin osatutako katalogo bat eraman du Berlinalera. Ekinbide horrekin, zuzendari eta ekoiztetxeak Euskal Herrian filmatzera bultzatu nahi izan dituzte, eta hemengo ekoizleak nazioartekotu.
(Puede haber caducado)