Correscales: hipotesi bat, praktika bat, hainbat proposamen
Berria, , 17-02-2016Hipotesia:
Ekonomia Kapitalistaren krisi estrukturalak ziklo politiko, sozial eta ekonomiko berri batean kokatu gaitu. Krisiaren kudeaketak, ezberdintasun sozialak samurtzen zituzten politika publikoen desartikulazioa eragiteaz gain, prekaritatea bizitzaren arlo guztietara orokortuz, jendarteak berezkoak dituen lotura sozialak urratzen dihardu, isolamendua eta ezinegona zabalduz.
Aro berri honetan, bistakoa da betiko lanabes politiko eta sindikalak ez direla gai ongizate estatuaren oinarrian zegoen akordio soziala bermatzeko, eta horrenbestez, ezinbestekoa zaigu gure herrien eskubide ekonomiko eta sozialen alde ekiteko modu berriak bilatzea eta aurkitzea. Ekiteko modu berri hauek: a) tokiko ehun sozial, ekonomiko eta politikoa berreraiki; b) krisiak eragiten dituen ondorio sozialei irtenbide zehatzak eskaini (langabezia, prekaritate ekonomiko/existentziala) eta c) ahalduntze soziopolitikoa eraginez, eredu sozioekonomikoa errotik eraldatzea helburu izango duten autoeraketa prozesuak abiarazi behar direla uste dugu.
Praktika:
#Correscales2016 Katalunian, #KorrikaPrekarioa Euskal Herrian. Borroka laboral batetik bizitzaren aldeko borrokara.
Joan den urtean, Movistarrek azpikontratatzen dituen enpresetako langileek greba mugagabea hasi zuten estatu osoan, emaitza ezberdinak lortuz lurralde eta probintzia bakoitzean. Horrela, Bizkaian aldarrikapen gehienak lortu ziren; Bartzelonan, berriz, ezker antagonistaren artikulazio prozesu bat gertatu zen grebalariekiko elkartasun ekintzen bidez, greba muturreraino eramanez, eta Movistarreko denda nagusia birritan okupatuz. Greba hori sostengatu ahal izateko, erresistentzia kaxa bat sortu zuten, finantza zerbitzuak eskaintzen dituen Coop57 kooperatibari mailegu bat eskatuz. Aurreko grebak sortutako zorra kitatu, eta prekaritateak astintzen dituen eremu ezberdinetan borroka berriak abiarazteko behar den dirua bildu nahian sortu da Korrika Prekarioa, Euskararen alde burutzen dugun Korrikan inspiraturik, hain zuzen ere. Horrela, lanaren prekarizazioaren kontra hasitako borroka bat prekaritate existentzialaren kontrako aldarri bihurtu dute, diskurtsoa zabalduz eta subjektu berriak (migranteak, emakumeak etab…) artikulatuz.
Sinbolismoz beteriko ekimena egin nahi dute: grebalarien aldarrikapenak lortu ziren lurraldea, Bizkaia, eta elkartasunean oinarrituz hortzak erakutsi zien hiria, Bartzelona, etenik gabeko lasterketa baten bidez lotzea, alegia. Bost egun, 80 korrikalari eta 800 kilometrotan zehar, subjektu berri hauen arteko sinergiak bilatu eta prekaritateari aurre egingo dion subjektu zabal, anitz eta konplexua eraikitzea dute helburu. Otsailaren 18an hasi (17an Gasteizen inaugurazio sinbolikoa) eta otsailaren 22an amaituz.
Proposamenak:
Planteaturiko hipotesia onartuz gero, gure herrien eskubide sozial eta ekonomikoen galerari aurre egiteko modu berriak elkarrekin bilatzea proposatu nahi dizuegu, eragile politiko, sindikal eta sozialei bereziki, baina baita Korrika prekarioan parte hartuko duzuen norbanako guztiei ere:
a) Tokiko ehun sozial, ekonomiko eta politikoa berreraiki:
Bada garaia beste jendarte eredu batean oinarritzen ziren antolakuntza ereduak, diskurtsoak eta praktikak gainditu, eta egungo jendarte eredu desegituratuari aurre egingo dion antolakuntza eredu, diskurtso eta praktika berriak entseatzearena. Horrela, orain arte afinitate politikoak ideologiaren, klasearen eta jatorriaren arabera egituratzen baziren, egun, desideologizazioa, klasearen berregituraketa (paperik gabeko emakume migrantea) eta nazio, sexu eta arraza identitateen aniztasuna kontuan hartu, eta subjektibitate kolektibo berri eta konplexuak eraiki behar dira. Gorputz sozial berri hau zeharkatzen dituzten bektoreak identifikatu, eta helburu zehatzen gainean artikulatuko diren antolakuntza eredu, diskurtso eta praktika berriak eraikitzea proposatzen dugu.
b) Krisiak eragiten dituen ondorio sozialei irtenbide zehatzak eskaini:
Aipatu jendarte egitura berrian, orain arte kohesioa lortzen zuten diskurtsoek eragina galdu dutenez, sektore eta pertsona ezberdinak batuko dituen helburu zehatzak identifikatu behar dira, praktika eta ekintza kolektiboen bidez politizazio prozesu sakonak pizteko. Estatuan Plataforma de Afectados por la Hipoteca dugu adibide.
c) Ahalduntze soziopolitikoa eraginez eredu sozioekonomikoa eraldatzea helburu izango duten autoeraketa prozesuak abiarazi: ez da nahikoa kapitalismoa borrokatzearekin. Antikapitalismoa egikaritu behar da, eta egun posible da, egiten ari gara. Jabetza publikoa, ekonomiaren kontrol demokratikoa eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea, zeinetan, ekonomiaren ardatz diren sektoreetan: energian, finantzetan, telekomunikazioetan eremu produktibo eta erreproduktiboan praktika zehatzak aurki ditzakegu. Ordua baita gure herri eta herrialdeetan eredu sozioekonomiko jasangarri, parte hartzaile eta igualitarioetan oinarrituko diren prozesu eratzaileak abiarazi, eta herri eta jendarte berriak eraikitzen hastearena. Juntes Ho Podem Tot!
https://eu.goteo.org/project/correscales-2016
(Puede haber caducado)