Sexu erasoen aurkako mezuen bidez xenofobia bultzatu izana salatu dute
Gasteizko hainbat gizarte eragilek bat egin dute indarkeriaren «erabilpen politikoa» gaitzesteko
Berria, , 17-02-2016Gasteizko talde feministek, gizarte mugimenduko hainbat plataformak eta Gasteiz Irekia taldeak «gogor» gaitzetsi dute inauterietako asteburuan bi emakumek jasandako sexu erasoa. Ildo beretik, baina, salatu dute zenbait politikari eta komunikabide xenofobia sustatzen aritu direla gertakari haiek gaitzesteko erabilitako mezuen bidez. Hori dela eta, sexu erasoen «erabilera politikoa» gaitzetsi dute, eta haien «joko sinplean» ez erortzeko eskatu diete herritarrei. «Argi utzi nahi dugu ez dugula onartuko sektore bat erruduntzat jotzea helburu duen erabilpen politikorik», adierazi dute.
Iragan astean izan zen erasoa. Emakumeetako batek salatu zuenez, bi gizonek ukituak egin zizkieten hiriko alde zaharreko taberna batean. Udaltzaingoak berehala atxilotu zituen erasotzaileak, eta sexu gehiegikeria leporatu zien. Horren ondotik, baina, erasotzaileak atzerritarrak zirela eta Arabako Foru Aldundiaren esku zeuden adingabeak zirela jakinarazi zuen diputazioak. Hori dela eta, haien kontrako iritziak zabaldu ziren.
Bada, hori bera salatzeko elkartu dira hiriko hainbat eragile; hogeitik gora, guztira. Besteak beste, Arabako Emakumeen Asanblada, 7menos20, Mugarik Gabe, Bilgune Feminista, Neska Gazteok Egurra, Mujeres en la Diversidad, Gizarte Mugimenduen Plataforma eta Gasteiz Irekia batu dira.
«Matxismoa ez da gizarte klase batzuen arazoa, ezta pertsonen jatorriari atxikita dagoen ezer ere», adierazi du Bego Oleaga bozeramaileak. «Zer daukate komunean bortizkeria matxista eragiten duten erasotzaileek? Gizonak direla, besterik ez», gaineratu du.
Hori horrela, nabarmendu dute ez dutela onartuko matxismoaren aurkako borrokak arrazismoa eta xenofobia sustatzea. «Edozein bortizkeria matxista salatzen dugu, edozein motatako adierazpen arrazistak eta xenofoboak salatzen ditugun bezala», esan du Oleagak, eta azpimarratu du ez dutela inolako erasorik onartuko: «Ez matxista, ez arrazista». Azkenik, borondate politikoa eta baliabide gehiago eskatu dituzte eragileek, sexu-genero eta arraza diskriminazioa desagerrarazteko.
Barakaldon, atxilotu bat
54 urteko gizon bat atxilotu zuten herenegun Barakaldon (Bizkaia), genero-indarkeria delitua leporatuta. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bikotekide ohia jo zuen ustez gizonak, eta, kolpeek aurpegian eragindako zaurien ondorioz, Gurutzetako erietxera eraman behar izan zuten andrea.
(Puede haber caducado)