Europako galgak apalduta
Europako Batasuneko lekualdatzeen ondorioz hiru errefuxiatu baino ez dira heldu Hego Euskal Herrira; iritsi diren gainontzekoek, 137 inguruk, ohiko prozeduretatik egin dute bidea.
Berria, , 14-02-2016Bost hilabetean errotik aldatu da egoera. Iazko irailean Hego Euskal Herria prestatzen hasi zen Italian eta Grezian pilatzen ari ziren errefuxiatuei harrera egiteko. Bost hilabeteren buruan, hiru pertsona baino ez dira heldu herrialde horietatik: 2015eko azaroaren 10ean Lanpedusatik (Italia) Bilbora iritsi ziren hiru eritrear. Europako Batasuna eta Espainiako estatuaren ekinbide faltak ez du utzi bide horretan aurrera egiteak.
CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordearen EAEko bulegoko zuzendari Patricia Barcenak testuingurua jarri dio egoerari. «Europa ez da ezer egiten ari; Europaren egitasmoa bainoago, herrialde bakoitzaren beharrak nagusitzen ari dira». Horren ondorioz, errefuxiatuei kokapena bilatzeko ekinbideak «blokeatuta» daude, bai Grezian eta Italian, baita Libano, Turkia edota Kenyako errefuxiatu kanpalekuetan ere. Europako bi herrialdeetan prestatutako azpiegiturek, Europako Batasunaren ardurapean, ez dute funtzionatzen, Barcenak azaldutakoaren arabera; 400 pertsona baino ez dira lekualdatu Europako herrialdeetan.
Errefuxiatuen kanpalekuei dagokienez, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren ardurapean, ezin diote egoerari aurre egin. «Espainiako Gobernuak kanpalekuetako 834 errefuxiatu hartzeko konpromisoa sinatu zuen, baina oraindik ez da ezer gertatu».
Ohiko bideetatik, gehiago
Europatik edota kanpalekuetatik errefuxiaturik heldu ez arren, ohiko bideetatik heltzen ari dira oraindik iheslariak: Madrilgo Barajas aireportua, Frantziako estatuarekiko muga, Ceuta eta Melilla… Azken bost hilabeteetan 140 lagun ingururi egin zaie harrera Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Are gehiago, behin betiko daturik ez badago ere, Barcenak aurreratu du 2015eko asilo eskaerak 2014an jasotakoak halako bi baino gehiago direla.
Egoera horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak errefuxiatuak hartzeko borondatea eta baliabideak dituztela oroitarazi dute. Jaurlaritzak, Europako lekualdatze programaren bidea geldirik dagoela ikusta, Melillako etorkinentzako zentroan dauden errefuxiatuak hartzeko nahia helarazi dio Madrili. Zentro horrek 480 pertsonarentzako lekua du, baina azken bi urteotan 1.400 migratzaile baino gehiago jasotzen ari da. Jaurlaritzaren eskaera horri erantzuteko asmoa duela nabarmendu dute.
Alde horretatik, Melillako zentrotik hel daitezkeen pertsonei harrera egiteko, Alokabide alokairu babestua kudeatzen duen elkarte publikoak ituna sinatu du CEAR Euskadi eta Gurutze Gorriarekin. Etxebizitza kopuru «zehaztugabea» eskainiko die elkarteei, betiere azpiegiturei dagokien alokairua ordainduta. Oraindik, baina, ez dira etxe horiek «aktibatu». Egun CEAR Euskadik dituen etxeak merkatu pribatuan alokatutakoak dira, Bilboko Udalak utzitako pisu batzuk kenduta.
Nafarroako Gobernuak salatu du ia ez dietela informaziorik eman Espainiako Gobernuak. 2015eko irailean eta urrian zenbait bilera egin baziren ere, ordutik posta elektronikoz jaso dituzte Madrilek egin dituen komunikazio apurrak. «Europako Batasuna eta Espainiako Estatua ez dira egon egoerak agintzen zuen mailan; ez diote erantzun drama humanitarioari», kritikatu du Josune Legalek, Nafarroako Gizarteratze Zerbitzuko zuzendariak.
Informazioa, aleka
2015ean, hilabeteak eman zituzten zenbait familiaren zain. Urriaren 15ean ziren heltzekoak, baina azaroaren amaieran iritsi ziren. «Ez ziguten inolako azalpenik eman; Gurutze Gorriak aurreko egunetan esan zigun heltzear zeudela», argitu du Legalek. Prozedura horrek harrera egokia eskaintzea zailtzen duela oroitarazi du. Etorriko direnen ezaugarriak jakin gabe ere etxeak «egoki» prestatzea zaila dela azaldu du: ohe kopurua zehaztea, adibidez, komenigarria izaten da. «300 errefuxiatu hartzeko azpiegitura dugu, eta, oraingoz, hamasei baino ez dira heldu». Otsailaren 1erako beste hogei ziren heltzekoak, baina, aurrekoan gertatu bezala, atzeratzen ari da.
Barcenak txalotu egin du Eusko Jaurlaritzaren zein Nafarroako Gobernuaren jarrera. Ordea, borondatea izanez gero, «gehiago» egiteko aukera dutela nabarmendu du: «Egia da borondate ona dutela, baina bizkorragoak izan behar dute; Europaren zain egon gabe ere lan egiteko».
Nafarroako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak, bitartean, eragileekin bilerak egiten jarraitzen dute, «gaiaz ez ahazteko». Hilabetean edo bi hilabetean behin biltzen dira. Ordea, duela bost hilabete egon zen ekinbideari maila berean heltzea zaila dela aitortu dute.
(Puede haber caducado)