Estatu Islamikoaren aurkako borrokan inplikatzeko prest agertu da NATO

AEBen koalizioari hegazkinak utziko dizkio, eta Sirian eta Iraken hari batzea ere aztertuko du. Aliantza militarrak giza trafikatzaileak zelatatzeko ontziak bidaliko ditu Egeora

Berria, Mikel Rodriguez, 12-02-2016

Elkarrekin lotuta dauden bi krisitan esku hartzea erabaki du NATOk, zaintzarako baliabideak paratuta. Aliantzako kide diren herrialdeen Defentsa ministroek Bruselan egindako goi bileran erabaki dute ontziak bidaltzea Egeo itsasora, «giza trafikatzaileen aurkako informazio eta zaintza baliagarria lortzen laguntzeko». Horrekin batera, zeharka EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokan inplikatuko da: AEBek zuzentzen duten aliantzako herrialdeei Awacs zelatarako hegazkinak utziko dizkie, herrialde horiek bertze toki batzuetan dituzten Awacsak Siriara eta Irakera eraman ahal ditzaten. «Erabaki horrek handitu eginen du [AEBen] koalizioaren gaitasuna EI gure etsai komunari kalte egin eta hura deuseztatzeko», Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiaren ustez. AEBen arabera, NATOk aztertuko du nazioarteko koalizio horri batzea.

Igandera bitartean Europan eginen diren nazioarteko hiru goi bilkuretan lehenbizikoa izan da NATOko Defentsa ministroena. Atzo arratsean, Munichen (Alemania) elkartu ziren Siria Laguntzeko Nazioarteko Taldea osatzen duten hamasei herrialdeak eta nazioarteko hiru erakundeak, eta, gaurtik igandera bitarte, hiri berberean bertze dozenaka herrialdetako ordezkariak batuko zaizkie eragile horiei Municheko Segurtasun Konferentzian. Bilkura guztiek Siriako gerraren hiru ondorio nagusiak izanen dituzte eztabaidagai handienak: negoziazioak bideratzea, errefuxiatuen krisia eta EIren aurkako borroka.

AEBek bilkura horietarako paratu duen helburu nagusietako bat da EIren aurka eratu nahi duen estrategiarentzat babesa lortzea. Ashton Carter Defentsa idazkaria pozik agertu zen atzo Bruselan, NATOk agindutako zeharkako laguntzaz gain, aliantza militarra prest agertu delako AEBen koalizioko beste kide bat izateko aukera aztertzeko. NATOko 28 herrialdeak daude aliantzan, baina bakoitza bere kontutik. Carterrek adierazi du gainerako kideak ados daudela EIren aurkako kanpaina «bizkortzearekin», eta adierazi du jada prestatzen ari direla muturreko talde islamista sunitaren bi gotorleku nagusiak hartzeko erasoaldia: Raqqa (Siria) eta Mosul (Irak).

Errefuxiatuen krisiari dagokionez, Alemaniak, Greziak eta Turkiak esku hartzeko eskatu diote NATOri, eta horren ondorio izan da Egeo itsasora, Grezia eta Turkia artera, itsasontziak bidaltzeko erabakia. Horrela, aliantza militarrak lehenbiziko aldiz esku hartuko du auzi horretan, baina Stoltenbergek argi utzi du ez duela indarra erabiliko. «Eginkizuna ez da errefuxiatuen ontziak geldiaraztea edo horiei gibelera eginaraztea», erran du. Ontziek giza trafikatzaileen mugimenduak zainduko dituzte, «disuasio» helburu batekin. «Greziari eta Turkiari lagunduko diegu giza tragedia orain arte kudeatu dugun baino hobeki kudeatzen». Eginkizunak hiru ontzi izanen ditu oraingoz, eta Alemaniak zuzenduko ditu.

NATOk segurtasun ikuspegi batetik heldu dio errefuxiatuen gaiari, eta giza trafikatzaileengan jarri du arreta batez ere. Azken erabakia zaintzara mugatu du, baina Ursula Von der Leyen Alemaniako Defentsa ministroaren arabera, aliantzako kide batzuek nahi zuten misioak gerraontziak erabiltzea eta, itsasoan errefuxiaturik erreskatatuz gero, horiek bueltan Turkiara bidaltzea —NATOko kide da Turkia bera—. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak kontrako mehatxua egin zuen atzo, nahiz eta ez zen zuzenean ari NATOren bilkuran errandakoez. Berriki Siriako Alepo probintziatik ihesi doazen errefuxiatuei muga ireki ez dielako jaso dituen kritikengatik haserre dago Erdogan, eta atzo Turkiako enpresarien aitzinean egin zuen hitzaldi batean iradoki zuen iheslariei EB Europako Batasunera sartzen utz liezaiekeela. «Pazientzia, pazientzia… muga bateraino. Beharrezkoa dena eginen dugu. Autobusak eta hegazkinak ez daude hor bakarrik esperoan egoteko». EBko herrialdeek onartutako asilo eskaera urriak kritikatu zituen, nahiz eta zuzenean ez aipatu izenik. «Zenbat errefuxiatu hartu dituzte bertze herrialdeek? Batzuek, 100, 300 edo 500. Barkatu, baina ez daukagu tonto solasa kopetan idatzita». UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak duela egun batzuk Turkia kritikatu zuen Siriako Alepo probintziarekin duen muga ez irekitzeagatik, eta, ordutik, Erdoganek gogor jo du NBEren aurka. Turkiako presidenteak Errusia egin du krisiaren erantzule, Siriako armadari laguntzen ari zaiolako Alepo berreskuratzeko erasoaldian, eta NBEri leporatu dio arreta ez bideratzea Errusiarengana.

NBEren Giza Eskubideetarako goi mandatariak atzo adierazi zuen otsailaren 1etik 51.000 herritarrek ihes egin dutela Alepo iparraldean Turkiako mugarantz; «gobernuaren indarrek erasoaldia hasi zutenetik, uste denez Errusiako eta Siriako hegazkinen erasoek lagunduta», zehaztu zuen Zeid Raad al-Husseinek. Horrekin batera, Giza Eskubideetarako goi mandatariak ohartarazi du Siriako armadak Alepo hiria inguratuz gero «300.000 herritar setiatuta gelditzeko arriskuan» leudekeela.

Errusiaren su-etena

Municheko Segurtasun Konferentziaren harira elkartu da Siria Laguntzeko Nazioarteko Taldea, eta mahai gainean izanen duen eztabaidagai nagusietako bat da Errusiak atzo aurkeztutako su-etenerako proposamena. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ofizialki jakinarazi zuen hori, John Kerry AEBetako Estatu idazkariarekin elkartu aitzinetik. Eskaintzaren inguruko xehetasunik ez zuen eman, baina, bezperan Etxe Zuriko iturri anonimo batek errandakoaren arabera, Moskuk eskaini du martxoaren 1ean ezartzea su-etena. NBEk lau egun lehenago berrabiarazi nahi ditu Siriako aldeen arteko elkarrizketak, joan den astean eten egin baitziren Genevan (Suitza) —oposizioko Negoziazioetarako Batzorde Gorenak alde egin zuen, Alepoko erasoaldiarengatik protestan—. Dena den, Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroak atzo zalantzan paratu zuen Municheko bilkuran su-eten baterako akordioa lortuko dutenik, eta adierazi zuen lehentasuna izanen dutela «auzi humanitarioek», eta, ondoren, «indarkeria murrizteko pausoek».

Hildako kopurua, «470.000»

Siriak jada ia sei urte egin ditu gerran. SCPR Ikerketa Politikorako Siriako Zentroak Erresuma Batuko The Guardian egunkariari helarazitako txosten baten arabera, gatazka hasi zenetik «470.000 lagun hil dira: 400.000 indarkeria ekintzatan, eta bertze 70.000 bizi-maila hondatzearen ondorioz». Zifra horiek NBEk eta gobernuz kanpoko bertze talde batzuek emandakoak baino anitzez handiagoak dira —NBEk iazko abuztuan eman zuen azkena, eta 250.000 hildako inguru zirela erran zuen—. SCPR Damaskotik jarduten duen gobernuz kanpoko erakunde bat da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)