Turkiak muga irekitzeari uko egin, eta bertze kanpaleku bat ezarri du Sirian
UNHCRk dio Ankarak «betebeharra» duela muga irekitzeko. Erdoganek NBEri egotzi dio behar adina ez egitea. MSF: «Azazen osasun zerbitzuak hondoratzear daude»
Berria, , 11-02-2016Turkiak ez ditu onartu Siriako muga irekitzeko nazioartetik egin dizkioten eskariak, eta, horren ordez, kanpalekuak mugaren bertze aldean eratzeko estrategiari eutsi dio. Suleyman Tapsiz Turkiako Kilis probintziako gobernadorearen arabera, Siriako Alepo probintziako borroketatik ihesi doazen 35.000 errefuxiatu artatu dituzte kanpaleku horietan, baina UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak dio ez dakiela laguntza hori «nola banatu den, ezta zein baldintzatan banatu den ere». William Spindler UNHCRko kideak adierazi du errefuxiatuei Sirian bertan laguntza emanda ere, horrek ezin duela ordezkatu mugak ireki eta «nazioarteko babesa emateko betebeharra». Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak ez ditu kritika horiek onartu, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen aurka jo du. «Guk orain arte hiru milioi siriar eta irakiar hartu ditugu gure etxean. Zenbat hartu dituzu zuk? Zein herrialdetan?».
Siriako armadak joan den astean bitan zatitu zuen EI Estatu Islamikoa ez bertze talde matxinoek Alepo iparraldean kontrolatzen duten eremua; orain, fakzio batzuk zokoratuta daude Turkiako mugatik hegoaldera 25 kilometro luze eta ekialdetik mendebaldera bertze 20 bat kilometrokoa den eremu batean. Eta, horiekin batera, borroketatik ihesi doazen dozenaka milaka herritar. NBEren arabera, 5.000-10.000 artean dira kurduen miliziek kontrolatutako Afrin barrutira ihes egin dutenak; matxinoek kontrolatutako azken muga eremuan harrapatuta daudenak, berriz, gutxienez 30.000. Tapsiz Kiliseko gobernadoreak erran du 70.000ra ailegatuko dela kopurua. MSF Mugarik Gabeko Medikuen arabera, Siriako aldean dauden kanpalekuek ez dute baliabiderik jende gehiago hartzeko. «Arriskua dago jendea hainbat egunetan aire librean gelditzeko tenperatura hormatuekin, haurrak eta zaharrak barne», adierazi du Muskilda Zankada Siriarako misioaren buruak, Genevatik (Suitza). Bab al-Salama mugako pasabidearen eta Azaz hiriaren artean daude errefuxiatu gehienak, eta, Zankadak dioenez, eremu horretako osasun zerbitzuak «hondoratzear» daude, behar bertzeko baliabiderik ez dutelako. «Azazeko barrutiak kalte handienetakoa jaso du gerra honetan, eta oraindik mediku laguntza erasopean dagoela ikusten dugu». MSFk ospitale bat dauka Azazen, eta azken egunotan 800 familia ingururi helarazi dizkie oinarrizko produktuak.
«Genozidioa» eta inbasioa
Turkiak, ordea, ukatu egin du errefuxiatuen krisian erantzukizunen bat duela, eta, hainbat arrazoi ezberdinengatik, NBErengan eta Errusiarengan paratu du ardura. Erdoganen arabera, Siriako gerra hasi zenetik (2011) NBEk 405 milioi euro eman dizkio Turkiari errefuxiatuak hartzeagatik, baina Turkiak 9.000 milioi gastatu ditu. Presidentearen jauregian eman duen hitzaldian, haserre eta gordin mintzatu da Erdogan NBEko ordezkarien inguruan. «Etortzen dira eta erraten dizute: ‘Aurkeztu plan bat, proiektu bat, zerbait’. Utzi ezazue jada, gutaz iseka egiten ari al zarete?». Erdoganen arabera, Siriako armada eta Errusia «genozidioa» egiten ari dira Alepon, aurka dituzten herritarrak kanporatuta.
Baina Errusiak ere estrategia plan bat ikusten du Turkiaren jarreraren gibelean. «Hagitz arduratuta gauzkate jendaurrean eta pribatuan jaso ditugun hainbat mezuk», adierazi dio Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Moskovski Komsomolets egunkariari. «Horien arabera, Turkiak planak dauzka Siriako lurraldeak hartzeko, dendekin zelaiak eratuta, errefuxiatuak pilatuta eta ez utzita muga gurutzatzen. Hala ere, ez dut uste amerikarrek zuzentzen duten koalizioak utziko dionik plan ero horiek gauzatzen». Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, armadak Alepon egindako erasoaldian 518 lagun hil dira, horietako 100, zibilak.
(Puede haber caducado)