Grezia Dublingo sisteman sartu nahi du EBk, iheslariak hara kanporatzeko
Bruselak hilabete eman dio Atenasi asilo politikak hobetzeko. Beste sei kideri ere ohartarazi die auzitara eramango dituela Europako asilo arauak bete ezean
Berria, , 11-02-2016Grezia presiopean dute Europako agintariek, Europa gotortzeko bidean Turkiako muga zaintzea baita Bruselaren estrategiaren lerro nagusia. Europako Batzordeak betebeharreko «presazko neurrien» zerrenda bat helarazi dio Atenasi, herrialdeko asilo politikak EB Europako Batasunekoen pare jar daitezen, Grezia Dublingo sistemaren barruan lehenbailehen nahi baitu EBk. Izan ere, Dublingo itunean adostutakoaren arabera, esatu kideek asilo eskatzailea batasunera sartu zen lehen herrialdera —kasu honetan Greziara— kanporatzeko eskubidea dute. Baina 2011tik herrialdeek ezin dituzte errefuxiatuak Greziara kanporatu, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi baitzuen Atenasen asilo sistemak «gabezia sistematikoak» zituela eta iheslariek «tratu apalgarria» jasotzen zutela.
Greziari ez ezik, beste sei kideri ere —Alemaniari, Estoniari, Esloveniari, Frantziari, Italiari eta Letoniari— ohartarazi die EBk asilo arauak bete ezean auzitara eramango dituela.
Europako Batzordeak jakinarazi duenez, Greziak asilo sistema hobetzeko neurriak hartu ditu, baina oraindik «alor gako» batzuetan hobekuntzak behar ditu. Horretarako, Atenas hainbat neurri hartzeko presatu du. Besteak beste, harrera guneak eta asilo eskatzaileen bizi baldintzak hobetu behar ditu, eta asilo prozeduretarako sarbidea eraginkorragoa egin behar du. Hilabete eman dio batzordeak eskariak betetzeko. Martxoan ebatziko dute estatu kideek iheslariak Greziara bidaltzen hasiko ote diren. Halere, «gradualki» aplikatuko lukete Dublingo sistema, eta Greziaren «zama» kontuan hartuko lukete.
Errefuxiatuen krisia ez eze, ekonomikoa ere sufritzen ari da Grezia. Austeritate programa zorrotz bat ezarri du gobernuak, eta %25 inguruko langabezia tasa du. Azken urteetan iritsitako iheslari kopurua dela eta, asilo eskubidea eman ahal izateko azpiegiturak txiki geratu zaizkio, eta zentro berriak hasi da eraikitzen.
Alde horretatik, Dimitris Avramopulos Europako Batzordeko Barne eta Migrazio komisarioak eskatu dio iheslariak erregistratzeko zentroak «lehenbailehen» eraikitzeko. Greziako Gobernuak bost harrera gune eraikitzeko konpromisoa hartua du, baina oraingoz bakarra du martxan, Lesbos uhartekoa. «Lana abiatu dute. Gobernuak armadaren laguntza eskatu du, otsail erdialderako helburua betetzeko», adierazi du Avramopulosek.
Handia da Greziak egin beharreko lana, Europako Batzordearen arabera. 50.000 lagunentzako kanpaleku bat eraikitzekoa da, baina oraingoz 12.000 bat iheslari hartzeko gaitasuna du. Bestalde, batzordeari ez zaizkio nahikoak iruditzen Greziak derrigor kanporatutakoen kopurua. Iaz 16.100 lagun kanporatu zituen indarrez, eta 3.400 euren kabuz itzuli ziren. Europako Batzordeak Italiari ere eskatu dio etxeko lanak betetzeko. Erromak martxan jarri beharreko sei zentrotatik soilik bi ireki dituzte, Lampedusakoa eta Pozzalokoa.
Emaitza kaskarrak
Nahiz eta EB iparraldeko eta erdialdeko kideek hegoaldeko mugako herrialdeengan egin presioa, errefuxiatuen krisia kudeatzeko ezintasuna erakutsi du batasun osoak. «Emaitzak oso kaskarrak dira», onartu du Avramopulosek. Datuak estatu kideen jarreraren erakusle dira: bi urtean 160.000 iheslari banatzeko hitza eman dute, baina 497 besterik ez dituzte kokatu. Europako Batzordeko komisarioak gutun bat idatzi die EBko lehen ministroei, haien betebeharrak gogoratzeko: «Egoera oso larria da, eta eraginkortasuna falta da. Denbora galdu dugu, eta onartezina da».
(Puede haber caducado)