Europaren krisia
Berria, , 11-02-2016Sei hilabete dira errefuxiatuen etorreraren Europaren krisia hasi zela. Errefuxiatuen krisia lehenagokoa da, baina europarrok abuztu-irailetan jakin genuen bat-batean milaka pertsona zetozela ekialdetik, itsasoan harrapatuta eta kamioi batean itota. Olatu eta argazki artean egin genuen negar zeharkaldi horretan haurrak ere hiltzen zirela ikusi genuenean. Eta asaldatu ginen jabetu ginenean ez ginela gai emateko XX. mendean gatazketatik ihesi zetozenei orduan ematen zitzaien babesa.
Sei hilabete pasatu dira, eta Europako Batzordeari Grezian Dublingo sistema berriro ezarraraztea besterik ez zaio bururatu, horra iristen diren errefuxiatuak, ia denak, hor geratzera derrigortzeko (eta, bide batez, joan asmo dutenak uxatzeko). Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2011n utzi zuen bertan behera neurri hori Grezian «tratu umiliagarria» jasotzen zutelakoan, baina gaur egungo agintariei ez die horrek axola, baizik eta Europan han eta hemen dauden errefuxiatuak Grezian kontzentratzea.
Ez dira pasatu oraindik sei hilabete Aylan Kurdi haur kurduarra Greziako hondartza batean hil zela. Baina orduko alarma, asmo on eta kuota guztiak haizeak eraman ditu. Berdin jarraitzen dute hiltzen egunero haurrek eta helduek zeharkaldian, eta berdin hiltzen dituzte egunero Sirian ere. Europa aldatu da, ordea, eta ez negar eta ez oihu ez du egiten jada.
(Puede haber caducado)