Alepon ehunka mila zibil harrapatuta gera daitezkeela ohartarazi du NBEk
Nazio Batuen Erakundeak Turkiari eskatu dio muga irekitzeko eta iheslariak hartzeko. Ankarak dioenez, 70.000 lagun daude mugan
Berria, , 10-02-2016dozenaka mila herritarrek —70.000 Ankararen arabera— borroketatik ihesi Turkiarekiko mugara jo dute, eta hura gurutzatu zain daude. NBEk Turkiari kargu hartu dio, eta muga irekitzeko eskatu.
Alepoko erasoaldiak orain bost urte piztu zen gerraren balantza apur dezake Damaskoren alde. Siriako hiriburu ekonomikoa eta hiri handiena izandakoa —bi milioi biztanle gatazkaren aurretik— matxinoen eta gobernuaren aldeko indarren borrokaleku izan da 2012tik. Armadak mendebaldeko guneari eutsi badio ere, beste hainbat auzune muturreko talde islamisten esku geratu dira.
Afrineko kurduen laguntzarekin matxinoei Turkiarako hornikuntza bideak eten dizkie armadak azken astean. Milliyet Turkiako egunkariaren arabera, armadak Keffin udalerria hartu du Alepo iparraldean, eta Turkiako mugatik 25 bat kilometrora dago. Baina matxinoei armen hornikuntza bidea ixtearekin batera, zibilei ere ihesbidea itxi die. «Hirian geratzen diren 300.000 lagunei giza laguntza jasotzeko aukera kendu diete, sarbide humanitario bat adostu ezean. Gobernuaren aldeko indarrek aurrera egiten badute, 100.000-150.000 zibilek ihes egin dezakete Alepotik», adierazi du NBEko Arazo Humanitarioetarako Koordinaziorako Bulegoak.
Turkiak 2,5 milioi siriar jaso ditu dagoeneko, baina muga itxia du, eta, kasu bakan batzuetan izan ezik, ez du ireki. Horregatik, NBEk eskatu dio jarrera aldatzeko, eta mugan harrapatuta dauden errefuxiatuak jasotzeko. «Denok ulertzen ditugu Ankarak fluxu masibo bat jasotzeko dituen kezkak, baina muga ireki behar du», adierazi du UNRHCko bozeramaile William Spindlerrek.
Siriako lurraldean, Ankarak kudeatzen dituen kanpalekuetan jaso dituzte iheslariak, eta giza laguntza banatu diete, jakinarazi du Turkiako Atzerri Ministerioak. Hurriyet egunkariaren arabera, azken hiru egunetan 60.000 lagun inguru iritsi dira Oncupinar mugako igarobidera. NBEko Elikagaien Mundu Programak azaldu du hasi dela janaria banatzen Siriako Azaz herrian, mugatik gertu. Agentzia horren arabera, 30.000 lagun inguru iritsi dira Azaz eta Afrin herrietara Alepotik ihesi.
Mendebaldeko herrialdeek, Turkiarekin eta hainbat arabiar herrialdeekin batera, Errusiari leporatu diote herrialdea ezegonkortzea eta «giza hondamendia» eragitea, eta bonbardaketak eteteko eskatu diote. Herrialde horiek babesten dituzte mugaldean ezarritako gobernuaren aurkako matxino taldeak. «Bonben %90 zibilak dituzte helburu», salatu du Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroak. Haren hitzetan, denbora gutxian «600.000 errefuxiatu» gehiago sor ditzake gatazkak.
Moskuk, ordea, zibilak hiltzea ukatu du. «Adierazpen makina bat egon arren, orain arte inork ez du froga sinesgarririk aurkeztu», adierazi du Dimitri Peskov Kremlingo bozeramaileak. Defentsa Ministerioaren tesiari eutsi dio Peskovek, eta ukatu du iragan irailean Errusiak militarki esku hartzen hasi zenetik zibilak hil dituenik. Siriako Gobernuaren eskariz dagoen atzerriko potentzia bakarra direla gogorarazi du.
Negoziazioak hankaz gora
Errefuxiatuen auziari helduko diote gaur eta bihar NATOko Defentsa ministroek Bruselan egin behar duten bilkuran. «Oso serio hartu dugu Turkiaren eta beste aliatuen proposamena, eta aztertu egingo dugu NATOk zer egin dezakeen errefuxiatuen krisian», adierazi du Jens Stoltenberg erakunde militarreko idazkari nagusiak. Aliantza Atlantikoak hainbat neurri hartu ditu Turkia babesteko, eta, Mediterraneoan itsas armada indartu ez ezik, Awacs motako hegazkinak ere erabiliko dituaire eremua zaintzeko.
Nolanahi ere, Siriako armadaren aurrerabideak Genevako elkarrizketak eten ditu, bi urtean eginiko lehenak. Nazioarteko potentziak bihar dira Munichen, Alemanian, biltzekoak, negoziazioak biziberritzeko helburuz. Haatik, armadaren erasoaldiaren erdian diplomatikoek esperantzak urriak dira. Negoziazioetarako Batzorde Gorena oposizioko talde nagusiak ez du bake elkarrizketetan parte hartuko bonbardaketak eten ezean.
Fronterik liskartsuena ipar-ekialdean egonagatik, indarkeria herrialde osora zabaldu da. Atzo, EIko suizida batek bonba autoa zartarazi zuen Damaskoko etxebizitza auzo bateko polizien taberna batean, eta gutxienez bederatzi lagun hil zituen.
(Puede haber caducado)