Turkiako muga ezin zeharkatuta daude gerratik ihesean doazen milaka siriar

Bonbardaketak egiteari uzteko eskatu diote Alemaniak eta Turkiak Errusiari. Al-Assaden erregimenari gerra krimenak leporatu dizkio NBEk. Itsasoan beste 33 errefuxiatu hil dira

Berria, Kristina Berasain, 09-02-2016

Turkiako muga ezin zeharkatuta jarraitzen dute gerratik ihesi doazen milaka eta milaka errefuxiatu siriarrek. Bab al Salama-Oncupinarreko pasabidea noranzko bakarrean dago irekita: Siriara giza laguntza sartzeko zabaltzen dute, tarteka, eta, salbuespenezko kasuetan, zaurituak eta gaixoak artatzeko, beste noranzkoan. Mugatik bost kilometrora behin-behineko bi kanpaleku eraikitzeari ekin diote, eta elikagaiak, mantak eta oihalezko dendak eramaten ari dira. Egoera, baina, latza da: aterperik gabe daude-eta negu hotzean.

IHH erakundeak jakinarazi du egunetik egunera gehiago direla desplazatuak: «Jada 45.000 lagun daude eta etengabe ari dira iristen familiak Alepotik». Inguruko herrietan ere babesten ari dira iheslariak. Azaz herrian eskola eta meskitetan hartu dute aterpe. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 5.000 eta 10.000 lagun artean iritsi dira herri horretara. Christine Nyrjesy Mercy Corps gobernuz kanpoko erakundeko eledunak, baina, iragarri du 70.000 eta 80.000 iheslari artean daudela mugara bidean, eta, azkar batean, ehunka mila izan daitezkeela.

Ankarak duela astebete itxi zuen muga. Herrialdean 2,7 milioi errefuxiatu siriar daude, eta hamar errefuxiatu gune —horietan 270.000 iheslari daude—. Numan Kurtulmus Turkiako lehen ministrordeak esan du «muga jo» dutela. Ahmet Davutoglu lehen ministroak, baina, aditzera eman du«beharrezkoa denean» 30.000 laguni sartzen utziko dietela. Suleyman Tapsiz Kilis eskualdeko gobernadoreak berretsi du 30.000 laguni harrera egiteko prest daudela, ezen inguru horretan dauden iturriek baieztatu dute eskualdeko errefuxiatu guneetan, paradoxikoki, hutsik dauden etxolak daudela.

Errusiaren bonbardaketak

Siriako armada errebeldeen eskuetan zeuden eremuak bereganatu ditu azken astean Alepon. Bachar al-Assaden aliatua da Errusia. Eta Moskuren laguntza ezinbestekoa izaten ari da erregimenak aurrera egin dezan. Armadak Kafin herria hartu zuen atzo. Atareb, Hian, Maaret al Artiqu eta Andan herrietan ere bonbardaketak egin ditu, eta horrek eragin du zibilen exodoa.

Nazioartean, baina, gero eta kritika gehiago jasotzen ari da Mosku. Batetik, lekukoen arabera, luku-bonbak eta arma termobarikoak erabiltzen ari delako, eta, bestetik, zibilen kontrako erasoak egiten ari delako. Alemaniak eta Turkiak bonbardaketak egiteari uzteko eskatu zioten atzo Errusiari. Angela Merkel kantzilerrak gogorarazi zion zibilen kontrako erasoak egitea debekatzen duen nazioarteko ebazpena sinatuta duela. Davutogluk, berriz, adierazi zuen ezin dela «erasoaldiaren aurrean ez ikusiarena egin» —Iran eta Hezbola ere erregimena babesten ari direla salatu zuen lehen ministroak—.

Nazio Batuen Erakundeak, berriz, kartzeletan «gerra krimenak» egin izana leporatu dio erregimenari, «hil, bortxatu, torturatu, desagerrarazi eta ezereztatzea praktika ohikoa eta sistematikoa» dela salatuz.

«Bide legalak»

Gerrak eragindako errefuxiatuak ere izan zituzten hizpide Merkelek eta Davutogluk. Ankarak datorren astean jakinaraziko du nola baliatuko dituen iheslarien oldea geldiarazteko Europatik jasotako 3.000 milioi euroak. NATOk mugak kontrolatzen lagundu ote dezakeen aztertzeko prest ere agertu ziren biak. Merkel, bide batez, errefuxiatuen segurtasuna bermatu eta modu kontrolatuan iristeko «bide legalak» aldarrikatu zituen.

Oraingoz, baina, bide segururik ez. Atzo beste 33 lagun hil ziren Mediterraneoan; Turkiatik Greziara bidean. Urtarrilean 374 lagun hil dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)