NUPeko Brunet Fundazioak mahai-inguru bat antolatu du Civicanen siriar errefuxiatuak Europarantz egiten ari diren exodoari buruz

Nazio Batuen Erakundearen Errefuxiatuentzako Goi Komisariatuaren (ACNUR) eta Mugarik gabeko Medikuen ordezkariek eta nazioarteko segurtasun kontuetan aditu batek parte hartuko dute, eta Manuel Martorell kazetaria izango da moderatzailea

Diario de Noticias, unavarra.es, 05-02-2016

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Jaime Brunet Fundazioak mahai – inguru bat antolatu du otsailaren 18rako, osteguna. Mahai inguruaren izenburua “Siriarren exodoa Europarantz: krisi humanitario historiko baten giltzak” da, eta ACNUR – en eta Mugarik gabeko Medikuen ordezkariek eta nazioarteko segurtasun kontuetan aditu batek parte hartuko dute. Ekitaldia doakoa da, eta Civicaneko ekitaldi aretoan, Iruñean, egingo da 19:30etik aurrera.

Honako hauek dira mahai inguruan parte hartuko duten hizlariak: Miguel Ballenilla y García de Gamarra, Aitzoaingo kuarteleko koronel burua eta estrategian eta nazioarteko segurtasunean aditua; Alma Saavedra Rodríguez, Mugarik gabeko Medikuen ordezkaria Kantabria, Errioxa, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoan; eta María Jesús Vega Pascual ACNUR – en Espainiako Ordezkaritzaren eleduna eta Komunikazio eta Kanpo Harremanetako arduraduna. Manuel Martorell Pérez nafar kazetaria eta Erdialdeko Ekialdean aditua izango da moderatzailea eta Alfonso Carlosena Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore eta Jaime Brunet Fundazioaren lehendakariak aurkeztuko du ekitaldia.

Hizlarien curriculumak

Miguel Ballenilla y García de Gamarra, Infanteriako koronela eta Estatu Nagusiko diplomaduna izateaz gainera, Historian doktorea da Almeriako Unibertsitatean eta Masterra Estrategia Ikasketetan eta Nazioarteko Segurtasunean Granadako Unibertsitatean. Nazioarteko misioetan parte hartu du Bosnia Herzegovina (1992 – 1993), Irak (2004), Libano (2006 – 2007) eta Afganistanen (2010).

Bestalde, Alma Saavedra Rodríguezek Medikuntza ikasi zuen Txileko Unibertsitatean eta GKEen gerentzia kudeaketako Master bat egin zuen ESADEn. 1993ean, Mugarik gabeko Medikuen iparraldeko ordezko bulegoa jarri zuen abian Bilbon. Gobernuz kanpoko erakunde honen proiektuak bisitatu ditu Angola (1995) eta Guatemalan (2000). Hirugarren hizlaria, María Jesús Vega Pascual, Gizarte Lanean diplomaduna da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta ikasketak sakondu zituen Estatu Batuetan Fullbright Batzordearen beka baten bidez. 25 urte baino gehiago daramatza bere jarduera profesionala errefuxiatuen esparruan garatzen hainbat erakunderen bidez, hala nola Gurutze Gorria, Erreskaterako Nazioarteko Batzordea eta ACNUR.

Babes programetan, prestakuntza programetan, familiak berriz batzeko programetan, laguntzarik gabeko adingabeentzako programetan, birkokatzeko programetan eta aberriratzeko programetan parte hartu du erakunde horietan. Hurbiletik ezagutu ditu ACNUR – en operazioak hainbat herrialdetan, hala nola Kolonbia, Etiopia, Jordania, Kenia, Kongoko Errepublika Demokratikoa edo Tunisia eta ACNUR – en larrialdi taldekoa da. Azkenik, mahaiaren moderatzailea, Manuel Martorell Pérez, Historian doktorea eta Cuartopoder.es – eko erredaktorea, Erdialdeko Ekialdean, eta, batez ere, Kurdistanen, espezializatutako kazetari bat da. Sarritan joan da zonalde horretara 1998tik aurrera, eta Turkia, Iran, Irak eta Siria bisitatu ditu. Herri kurduai buruz gaztelaniaz argitaratu den lehenengo historiaren egilea da (“Los kurdos: historia de una resistencia”), bai eta gai berari buruzko beste argitalpen batzuen egilea ere. Nazioarteko Ikasketen eta Estrategia Ikasketen Elcano Errege Institutuaren Bakerako Ikerketa Zentroaren lankidea izan da, eta herri kurduari eta beste gutxiengo etniko eta erlijioso batzuei (kristau asiriar – kaldearrak eta yazidiak) buruzko dozenaka dibulgazio eta elkartasun jarduera sustatu ditu.

Brunet Fundazioa

Jaime Brunet Fundazioa ekitaldiaren antolatzailea da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.

Bi sari ematen ditu: Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria, zeinak giza eskubideak defendatzen dituzten gizabanakoen eta erakundeen ibilbide aparta saritzen baitu; eta Jaime Brunet Unibertsitateko Saria, zeinak gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta garapenerako lankidetzako gaietan hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten gradu amaierako lanak aitortzen baititu. Jaime Brunet Romerok (Baiona, Frantzia, 1926 – Donostia, 1992) eman dio izena Fundazioari. Brunet Zuzenbidean lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean.

Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)