Europara 67.000 errefuxiatu iritsi dira ilbeltzean itsasotik, iaz baino 40 bider gehiago

Iazko urtarrilean 1.700 iheslarik zeharkatu zuten Mediterraneoa. Aurten jada 363 lagun hil dira itsasoan. Austriak eguneko muga bat ezarriko du

Berria, Kristina Berasain, 05-02-2016

Mediterraneora itsasoratzen diren errefuxiatuen kopuruak nabarmen egin du gora aurten. Ilbeltzean 67.000 lagun sartu dira itsasotik Europara. Iaz epe berean baino berrogei bider errefuxiatu gehiago. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi du iazko urtarrilean 1.700 lagunek zeharkatu zutela itsasoa eta orain zenbatutakoekin alderatuta «hazkundea oso kezkagarria» dela: «2016a urte lazgarria izango da». Egoera horretaz jabeturik, estatu kideei eskatu die mafiei aurre egiteko neurri irmoak har ditzatela: «Mafiek merkealdia ezarri dute urtarrilean, bidaia merkatu egin dute, eta horrek heriotza dakar; mafiek eta politika ezak dakartzate heriotza».

Urtarrilean dagoeneko 363 iheslari hil dira Mediterraneoan. Iaz, berriz, 3.780 errefuxiatuk galdu zuten bizia itsasoan; egunean, batez beste, hamar errefuxiatu hil ziren uretan itota, tartean 270 haur. Ezen kontinente zaharrera datozen hamar errefuxiatutatik bat haurra da. Greziatik Mazedoniara sartzen diren iheslarien %60 haurrak eta emakumeak direla eman du aditzera Unicefek. Sarah Crowe erakundeko bozeramaileak zehaztu du adingabeak %36 direla: «Kopuru hori handiagoa izan daiteke, izan ere, nerabe askok ez dute euren adina esaten helmugara iritsi arte».

Save the Children erakundeak, berriz, ohartarazi du egunean «umeen belaunaldi galdu bat» sortzen ari dela, egunean 3.000 umek ihes egiten baitute euren etxetik Sirian. Herrialdean 5,8 milioi haur daude desplazatuta, eta 2,8 milioi dira eskolara joateko aukerarik ez dutenak. «Gerraren aurretik eskolaratze tasa ehuneko-ehunekoa zen, baina egun ez da %6ra iristen; lau eskolatik bat kaltetua izan da».

Inguruko herrietan daude, baina, iheslari gehienak. Jordanian egoera «lehertzear» dagoela ohartarazi du Abdala II. erregeak, eta nazioarteari «elkartasuna» eskatu dio. Zaatari errefuxiatu gunean, esaterako, 80.000 lagun daude.

Europaren autokritika

Exodoa etengabea da Sirian. Eta Europak hesiak eraikiz eta mugak itxiz egin die harrera errefuxiatuei. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak autokritika egin du, eta esan asko dagoela egiteko: «Erantzun kolektiboari erreparatuta ezin gara harro egon; egungo krisia elkartasun krisia ere bada». Estatu kideek bi urteko epean 160.000 lagun hartzeko konpromisoa hartu bazuten ere, 190 baino ez dituzte birkokatu, eta ildo horretan erantzukizunez jokatzeko eskatu die agintariak estatuei: «Erantzukizuna komuna da».

Austriak, baina, atzo bertan iragarri zuen «muga» bat jarriko dutela eguneko. Iaz 90.000 asilo eskaera jaso zituztela esan du, eta aurten ez dituztela 37.500 baino gehiago onartuko; 50.000 deportatzeko plana ere iragarri du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)