Salbuespena betikotzen
Larrialdia hiru hilabete luzatzea proposatu du Frantziako Gobernuak. Europako Kontseiluak Eliseoa kritikatu du, norbanakoen eskubideen aurka egitegatik
Berria, , 04-02-2016«Larrialdia eraginkorra izan da, eta, horrela jarraitzeko, luzatu egingo dugu». Stephane Le Foll Eliseoko bozeramaileak jakinarazi du ministro kontseiluak lege proposamena aurkeztu duela salbuespen egoera beste hiru hilabetez luzatzeko. Azaroaren 13ko atentatu sortaren gauean ezarri zuen larrialdia François Hollande presidenteak, eta azaroaren 26an hiru hilabetez luzatu zuten. Berez, hilaren 26an geratu beharko luke bertan behera, baina, Asanblea Nazionalak oniritzia emanez gero, maiatzaren amaiera arte epaileen baimenik gabe nahieran atxilotu eta miaketak egin ahalko dituzte segurtasun indarrek. Europako Kontseiluak Eliseoak hartutako norabidea gaitzetsi du, eta ohartarazi du salbuespen neurri horiek ez dutela «ez zilegitasunik eta ez proportzionaltasunik».
Atentatu jihadistek eragindako izua baliatuta —130 lagun hil zituzten—, norbanakoen eskubideak murrizteari ekin dio gobernuak. Azaroaren 14tik, 3.289 miaketatan 560 arma aurkitu ditu Poliziak, ministro kontseiluaren oharraren arabera. Halaber, 341 lagun atxilotu dituzte, eta 407ri etxeko atxiloaldia ezarri diete.
Eskubide zibilen beste estualdi bat prest du Eliseoak, segurtasunaren izenean: konstituzioa moldatzeko prozesua abian du. Larrialdi egoeran jasotako hainbat puntu konstituzioan txertatu nahi ditu, zuzenbide orokorreko lege izan daitezen.
Parlamentuan eztabaidagai
Polemika bizia piztu du nazionalitate bikoitza izan eta «terrorismo delituengatik»kondenatu dituztenei herritartasuna kentzeko proposamenak. PS barruan arrakalak ireki ditu auziak. Christiane Taubira Justizia ministroak dimisioa eman zuen iragan astean; jendaurrean erreformaren aurka egindakoa da.
Bihar ekingo diote Asanblea Nazionalean konstituzioaren erreformaren eztabaidari. Atentatuen ostean Hollandek bildutako babesa urtuz joan da azkenaldian, eta ez da ziurra hark proposatutako moduan aurrera aterako dutenik. Era berean, presidentearen onarpena behera bidean da. Erasoen ostean gora egin eta %50eko babesa lortu arren, berriz ere hondoa jo du Hollanderen irudiak. Hamar herritarretatik soilik hiruk ematen dute ontzat haren jarduna, Ifop etxearen zundaketa baten arabera.
Eskuinean ere zaila izango du babesa biltzea. Gero eta ozenagoak dira Les Republicains —UMP zena— alderdian erreformaren kontrako ahotsak; hogei parlamentarik lege proiektuaren aurka egin dute iritzi artikulu batean. Philippe Houillon diputatu eta Pontoiseko alkatearen arabera, «ez da beharrezkoa larrialdia konstituzionalizatzea». Haren hitzetan, «iruzur bat» da Hollanderen jokaldia. Eztabaida parlamentarioan alderdi kontserbadorearen hizlarietako bat izango da Houillon. «Konstituzioak dagoeneko arautzen ditu nazionalitateari buruzko auzi guztiak, alegia, nola lor eta nola gal daitekeen», adierazi du Mediapart hedabideari emandako elkarrizketa batean.
Azken hilabetean jazotako gertaerak baliatu ditu gobernuak «etengabeko mehatxua» justifikatzeko: adingabe batek irakasle judu bati eraso zion Marseillan; gizon bat tiroz hil zuen Poliziak Parisen, polizia etxe bati eraso egin nahi ziolakoan; eta Disneylanden lagun armadun bat atxilotu zuten.
Bestalde, jarrera jihadistak hartu dituzten herritarrei buruzko informazioa zabaldu dute Frantziako hedabideek. Le Figaro-ren arabera, Barne Ministerioak muturreko jarrerak hartu dituzten 8.250 lagun zenbatu ditu urtarrilaren amaiera arte. Iazko martxoan 4.000 bat ziren. Beste hainbat hedabidek ere informazio hori aipatu duten arren, Le Monde-k gezurtatu egin du. Egunkari horren arabera, 8.250 ez dira erradikalizatutako pertsonak, Siriarako bidaiak eta erradikalizazioa saihesteko plataforma telefonikora egindako deiak baizik.
«Garai zailak»
Edonola ere, eskubide zibilen aldeko elkarteez gainera, nazioarteko eragileek ere kezkaz hartu dituzte Eliseoaren asmoak. «Giza eskubideentzako garai zailak datoz», idatzi du Nils Muiznieks Europako Kontseiluko Giza Eskubideen mandatariak Le Monde-ko zutabean. Gogor kritikatu ditu Hollanderen neurri murriztaileak. Haren ustetan, emaitza «mugatuak» eman ditu salbuespen egoerak, baina oinarrizko eskubideei «gogor» erasan die, ordea. Frantziak bertan behera utzia du Europako Giza Eskubideen Hitzarmena. Muiznieksek salatu du segurtasun indarren ohiko helburu bihurtu direla musulmanak. «Larrialdiak gizarte kohesioa arriskuan jartzen du, eta bazterketa eta estigmatizazioa bultzatzen».
Hain zuzen ere, Parisko erasoaz geroztik musulmanen aurkako erasoak ugaritu egin dira. Atzo Korsikako Propriano herrian, eraso egin zieten musulmanen halal harategi bati eta jatetxe bati, arma automatikoekin tiro eginda. Poliziaren hipotesi nagusia da «eraso xenofoboa».
(Puede haber caducado)