Zirrikituetatik begira

Gora Gasteiz

Deia, Rikardo. Arregi, 03-02-2016

GORA Gasteiz ekimenak Argia sarietako bat jaso duela jakin nuenean poztu nintzen, izugarri poztu egia esan, inork inoiz sari bat merezi izan badu, horixe baita Gora Gasteiz. Maroto alkate ohiaren adierazpen xenofoboak (eta geroko sinadura bilketak eta abarrek) hiria asaldatu zuten, eta hiriaren zati handi bat behintzat haserretu. Baina haserrea ez zen eroso gelditu haserre gordinean, eta pixkanaka (eta ez geldoegi) jende gehiago bilduz, ahaleginak metatuz, erakundeak batuz, kalean agertuz hiri osora hedatu zen ekimena. Marotok giroa gaiztotu egin bazuen, Gora Gasteizek arnasa eman zigun.

Pasa den maiatzean, Marotok alkate izateari utzi zionean (adio Marotoburgo), ideologia oso desberdinetako pertsonek elkartzeko ausardia izan zutelako (eta Gasteizko EHBilduren jarrera eskuzabala ahaztezina da) jakin genuen arnasaldi hori ez zela laburra izango. Gora Gasteizek, erakutsi baino, irakatsi digu hiritar guztioi desberdinak izatea abantaila dela gutxieneko oinarriak (giza eskubideak, azken finean) argi baldin badaude. Gasteiztarrok oso desberdinak gara gure artean, denetarik dago; gero eta zailagoa da gasteiztarroi buruzko topikoak eratzea eta hori oso ona da. Dena ez dago konponduta inondik inora, ez naiz inozoa, arazoak sortzen dira, egitasmo batzuen inguruko eztabaidak daude, baina daukagun Udal bitxia hiritarron isla da eta badirudi desberdinak (alderdiak, zinegotziak, Urtaran alkatea) izan arren, akordioak abian jartzeko kemena dagoela. Betikoak izan ezik, jakina (zurrumurru bat bide batez: Gasteizko beste alkate ohi bat, Alonso ministro jauna, Espainiako gobernuko presidentea izateko kinieletan omen dago).

Asko eskertu behar diogu Gora Gasteizi, hiri hobea (ez herri, ez auzo) egiteko burutu duena ordainezina da. Gora Gasteizek utzi digun ondarea askok uste zutena baino sendoagoa da; politika egiteko modu asko dagoela erakutsi digu, baita politika tradizionala gainditzeko bideak daudela ere. Eta orain modan dagoen lidergoa ez dela pertsona bakar baten kontua, Gora Gasteizen ez da liderrik egon.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)