Erresistitzeko, joan

Berria, Jon Ordoñez, 28-01-2016

Batzuetan, erresistitzea geratzea da; batzuetan, erresistitzea joatea da». Adierazgarriak izan ziren atzo Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroak kargua uzteko aukeratutako hitzak. Ez zaio arrazoirik falta, eta hitz joko bat baino gehiago esan du. Erresistitu, noren aurrean? Joan, norengandik? Taubirarekin ezkerrarentzat garrantzitsua zen ikur bat galdu du Frantziako Gobernuak. Ezkontza homosexualaren defendatzaile sutsua, Parisko atentatuen ostean ere salbuespen neurrien aurrean giza eskubideak defenditu dituena, hizkuntza gutxituen ituna sinatzearen aldekoa, euskal gatazkarekiko jarrera adeitsua erakutsi zuena… Taubirari utzi ez diotelako, edo hitzak baino ez zirelako, ordea, Hollanden gobernuak erresistentziarik gabe jo du eskuinerantz azken urteetan, eta ez dirudi eragozpen handirik izan duenik.

«Erresistitzeko» joan da Taubira. Izan du horretarako aukera lehenago ere, baina ez du zehaztu erresistitzeko geratzea erabaki ote duen aurretik, ezta, hala bada, noiztik ari zen erresistitzen ere. Denborak esango du geratzea edo joatea zer zen okerrago, eta esango du Hollanderi eskuinerako bidean traba egiten ote zion. Edozein kasutan, Euskal Herritik begiratuta, garbi geratu da ministro baten hitzak izan daitezkeela batzuk eta gobernuaren ekintzak oso bestelakoak. Kontua ez baita indarra non egin baizik eta nondik nola egin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)