Atzerritarrak euskarara gerturatzeko eskuko hiztegia

Bizkaiko zortzi udalerrik hartu dute parte eguneroko bizimoduan lagungarriak izan daitezkeen oinarrizko hitz eta esaldiak jasotzen dira hiztegian

El Correo, elcorreo.com, 27-01-2016

Alkarbide bilguneak eskuko hiztegien edizio berria prestatu eta argitaratu du. Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, etorkinei baliabideak eskaintzeko xedea dute, honela euskarara hurbil daitezen. Hiztegia lurraldeko zortzi udalerritan egongo da eskuragarri.

Eguneroko bizimoduan lagungarriak izan daitezkeen oinarrizko hitz eta esaldiak jasotzen dira hiztegian. Bilaketa errazteko, gaika antolatuta daude: agurrak, denbora, norabideak, ohiko hitzak, garraioak, pertsonak, jatekoak eta edatekoa, egunak, zenbakiak, etxea, lekuak, dirua, sorlekuak, komunikatzeko euskarriak.

Guztira, Bizkaiko zortzi udalerrik (Basauri, Bermeo, Berriz, Gernika – Lumo, Markina – Xemein, Portugalete, Zierbena eta Zaldibar) hartu dute parte egitasmoan. Herri bakoitzeko etorkinen jatorria zein den kontuan hartuta, bakoitzak erabaki du zein hizkuntza jaso nahi duen hiztegietan.

Orotara, 11 hizkuntzatan prestatu dira hiztegiok: gaztelania, ingelesa, frantsesa, errumaniera, arabiera, txinera, portugesa, wolofa, errusiera, katalana eta galegoa. Euskarazko hitz eta esaldiei dagokienez, batuaz edo bizkaieraz jaso dira, betiere tokian tokiko aldaerak ere kontuan hartuta.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)