Schengengo barne kontrolak bi urtez luzatu nahi dituzte EBko kideek
Salbuespenezko kontrolak luzatu ezean, maiatzean bertan behera geratu beharko lirateke. Hainbat herrialdek Grezia estutu dute kanpo mugak indartzeko, eremutik kanporatzearekin mehatxatuta
Berria, , 26-01-2016Europan arrakala sakonak zabaltzeko bidean da errefuxiatuen krisia, euroarenak berak zabaldu baino sakonagoak. Desadostasun horiek kamusteko bildu dira Amsterdamen EB Europako Batasuneko Barne ministroak. Estrategia argia da. Europa gotortzeko bi norabidetan lan egin nahi dute 28ek: batetik, Turkiaren eta Greziaren arteko muga zaintzeko, Europako mugazain agentziaren sorrera azkartuko dute, eta, bide batez, Atenas mehatxuen bidez presiopean jarri, tapoi lanak egin ditzan; bestetik, Schengen eremuan barne kontrolak behin-behinean ezartzeko epea bi urtez luzatzea eskatu dute hainbat kidek.
Zirkulazio askeko eremuko egungo arauen arabera, Alemaniak eta beste hainbat herrialdek behin-behineko kontrol horiek maiatzean bertan behera utzi beharko lituzkete, gehienez sei hilabetez ezarri baitaitezke. «Orain arte ikusi gabeko asilo eskatzaileen jarioak ez du behera egin, eta herrialdeek erabakiak hartu behar izan dituzte euren kasa», adierazi du Klaas Dijkhoff Herbehereetako Migrazio ministro eta bilkurako koordinatzaileak.
Alemania da Europako Batzordea estutu duten herrialdeetako bat, barne kontrolen luzapena onar dezan. Hain zuzen ere, migratzaileen helburu nagusia da; iaz 1,1 milioi lagun inguru sartu ziren herrialdera. Austriak, Danimarkak, Frantziak, Suediak eta Norvegiak ere —ez da EBko kidea, baina bai Schengengoa— ezarri dituzte kontrolak mugan. Salbuespenezko neurritzat hartu badituzte ere, ezin uka daiteke krisiaren kudeaketak zalantzan jarri duela zirkulazio askeko eremua, EBren sorrerako oinarririk funtsezkoena.
Euroaren krisian bezala, Grezia kide desatsegina bihurtu da Europa erdialdeko eta iparraldeko herrialdeentzat. Turkiarekiko muga «behar bezala» ez zaintzea leporatu diote. Austriak hartu du Atenasen aurkako jarrera oldarkorrena. «Kanpo mugen kontrola ezartzen ez badu, Schengen eremutik behin-behinean kanporatzea pentsatu beharko genuke», esan du Amsterdamen Johanna Mikl-Leitner Austriako Barne ministroak. Haren hitzetan, «mito bat da» muga zaintzeko gaitasunik ez duela. «Europako itsas armada handienetakoa du». Europa iparraldeko herrialdeetako ordezkariek ere aipatu izan dute «Schengen txikiago bat» sortzeko aukera. Ekonomia krisiak egin bezala, errefuxiatuen auziak Europa zatitu du, eta periferiako eta erdialdeko kideak aurrez aurre jarri ditu, bi abiadurako Europaren mamua haizatuta.
Dimistris Avramopoulus EBko Barne eta Migrazio komisarioak zatiketa zantzu oro uxatu nahi izan du, eta ziurtatu du Greziaren bazterketa ez dagoela negoziazio mahai gainean. «Begi bistakoa da lehen lerroan dauden herrialdeak lan gehiago egin behar dutela, eta laguntzeko eta babesteko gaude besteok».
Tapoi lanak
Europaren estrategiaren beste ardatza da igarobide diren herrialdeekin elkarlanean aritzea, horiek tapoi lanak egin ditzaten errefuxiatuei helburura iristera galarazteko. Turkiak eta EBk ituna egina dute, eta, 3.000 milioi euroren truke, iheslariak atxikitzera konprometitu da Ankara. Diru horrekin, iheslarien kanpalekuen bizi baldintzak hobetu beharko lituzke. Halere, bi aldeen artean desadostasunak piztu dira; Bruselak muga ez zaintzea leporatu dio, eta Ankarak ohartarazi du laguntza ez dela iritsi. «Adostutako dirua arrazoizko denboran iritsiko da», esan du Federica Mogherini EBko diplomaziaburuak Ankarara eginiko bisitan.
Mazedoniara ere laguntza bidaltzea aztertzen ari da Europako Batzordea. Grezia eta Mazedoniako mugaldean tentsio uneak izan dira azken boladan, Skopjkek traba ugari jartzen baititu herrialdean sartzeko, eta bidaia luzea eta arriskutsua egin duten iheslariengan etsipena eragiten du, liskarrak pizteraino. Atzo Pakistango herritar bat labankadaz hil zuten, eta beste bi zauritu zituzten.
EBko Barne ministroen bilkura baliatu dute giza eskubideen aldeko erakundeek Bruselaren jarrera «ankerra» salatzeko; asilo eskubideari muzin egin —hitzartutako 160.000 lagunetik gutxi batzuk besterik ez dituzte hartu—, eta hesiak altxatu dituzte herrialde askok. Haurren Arartekoen Europako Sareak gutun ireki bat idatzi die EBko agintariei, eta exijitu die migrazioaren parte diren haurren oinarrizko eskubideak babesteko.
(Puede haber caducado)