«EBk porrot egin du errefuxiatuen krisian erantzun ankerra emanez»
Europako Batasunak «katastrofikoki» egin du huts, Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen arabera. Bruselak «arinkeria» eta «hitzemandakoa ez betetzea» leporatu die hogeita zortzi estatu kideei
Berria, , 20-01-2016Mugarik Gabeko Medikuen arabera, Europako Batasunak «katastrofikoki» egin du huts errefuxiatuen krisiari erantzuteko orduan. «Ankerkeriaz» ihardetsi izana egotzi dio, besteak beste. EBk eta estatu kideek milioi bat lagun baino gehiagoren bidean jarritako oztopoak xehatu ditu MGMk kaleratu berri duen txostenean: itsasoko heriotzaren zeharbideari alternatibarik ez jartzea, alanbrezko harresiak ezartzea eta erregistrorako prozedura administratiboak etengabe aldatzea, adibidez. Mugetan eta itsasoan indarkeria baimentzea ere leporatu die Europako instituzioei MGM erakundeak.
Bestalde, salatu du EBtik kanpoko mugetako egoeraren ondorioz «nabarmen» indartu behar izan dituztela euren jarduerak Europarako sarrera puntuetan. Krisiaren aferari behar bezala ez heltzeaz gain, disuasio politikek eta «erantzun kaotikoak» milaka lagunen egoerari kalte egin diotela ohartarazi du NBEko operazioen buru Brice de le Vingek. Gaineratu du hartutako erabakiek izan duten «giza kostuaren» inguruko balantzea egin beharko luketela 2016an estatu kideek; erantzukizunak euren gain hartu, eta «hutsegiteetatik ikasi».
MGMko Desplazamenduen Giza Aholkulari Aurelie Ponthieuk azpimarratu du krisiaren amaiera «urrun» dagoela; Brusela estutu du «ibilbide seguru bat» egiteko, eta «jendearen bizitzarekin eta duintasunarekin jolasteari uzteko» eskatu dio.
Milioi bat lagun baino gehiago heldu dira Europara 2015ean. Hogeita zortzi estatuek orotara 160.000 errefuxiatu jasotzea adostu zuten EBrekin, eta 272 besterik ez dituzte hartu azkenean. Europako Batzordea behin eta berriro ari da eskatzen estatuei errefuxiatuen krisia behar bezala kudeatzeko. Jean-Claude Juncker buruak salatu du mugetako kontrolak indartzen ari direla herrialdeak «arinkeriaz». Aldiz, adostu gabeko neurriak ezartzea egotzi diote estatuek Junckerri.
Martxoa, epemuga
Schengen eremuko pertsonen zirkulazio librea eten dute, behin-behinean, hainbat herrialdek —Suedia eta Danimarka izan dira azkenak—. Shengenen ezegonkortasunaren ondorio ekonomikoek kezkatzen dute Juncker: «EBk mehatxatuta ikusten ditu bere zementu propioak».
Europako Batzordeko presidente Donald Tuskek ere hitz egin du. Martxoa jarri du epemuga, migrazio krisia konpontzeko estrategiak «funtzionatzen duen ala ez ikusteko». Buelta ematen ez badiote ondorioak «larriak» izango direla ohartarazi du: «Shengenen kolapsoa», besteak beste. Eguneko 2.000 errefuxiatu baino gehiago sartu ziren Gabonetan; zifrak txikitu egin dira orain, hotzagatik. Eta Europak ezer gutxi lortu du hilabeteotan.
(Puede haber caducado)