Negu betean ere, ihes betean

Europarako bidean elurra, izotza eta zero azpiko tenperaturak pairatzen ari dira milaka errefuxiatu. Save the Children eta Unicef erakundeek jakinarazi dute haurrentzat bereziki latza dela zeharkaldia.

Berria, , 20-01-2016

Neguaren betean jaioterritik ihes betean jarraitzen dute milaka eta milaka errefuxiatuk. Europarako bidean elurra eta izotza aurkitu dituzte bide bazterretan, zero azpiko tenperaturak, eta maiz aterperik gabe daude, baliabiderik gabe, arropa eta elikagai eskasekin. Nasirren hitzek ematen dute krudeltasunaren testigantza. «Siriatik egin dugu ihes; ezin genuen han jarraitu, baina han negua ez da horren latza. Sekula ez dugu horrenbesteko hotza pasatu».

Nasirrek duela bost urte egin zuen ihes Siriatik, emaztearekin eta bi seme-alaba txikiekin. Turkiatik Greziara iritsi berria da, aurreneko saiakeran ontzia hondoratu baitzen: «Ontziko zeharkaldia izan da okerrena: hotz izugarria egiten zuen, eta bustita geunden; seme-alabak gaixotu egin ziren, eta haiengatik beldur naiz».

Lesbos uhartean elurra ari du egunotan. Idomenin, berriz, datozen egunotarako zero azpiko 13 graduko tenperaturak iragarri dituzte. Horixe da Nasirren hurrengo helmuga. Mazedoniarako mugan, baina, egoera makurra da ere. Behin-behineko aterpera doan bidea blokeatu dute, eta errefuxiatuak gasolindegi baten kanpoaldean ari dira lo egiten.

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak eman du salaketaren berri. Serbiako mugan ere egoera ankerra da. Presevoko harrera gunean hamabost zentimetro elur pilatu dira. «Haurrek ezpainak more dituzte; hotzez dardaraz ari dira, shock egoeran, hipotermia eta izozte sintomekin».

Hirutik bat haurra da

Neguak ihesean dauden errefuxiatuen zeharkaldia gogortu duela jakinarazi du Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak ere. Marie-Pierre Poirier erakundeko errefuxiatuentzako koordinatzaileak umeengan jarri du arreta, zehaztuz hiru errefuxiatutatik bat haurra dela, eta horiena dela talderik kalteberena: «Akituta iristen dira, eta osasun kaskarrarekin: arnas aparatuko infekzioarekin, digestio arazoekin edo beherakoarekin».

Europara iaz iritsi ziren milioi bat errefuxiatuetatik 253.700 haurrak zirela jakinarazi du Unicefek. Aurtengo lehenengo hilabetean, berriz, iaz baino 21 bider errefuxiatu gehiago iritsi dira Greziara. Iaz 1.472 errefuxiatu dokumentatu ziren, eta urtarrileko lehen egunetik 31.200 lagun iritsi dira itsasoz uhartera. Erdiak, siriarrak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)