JAVIER SAEZ DEL ALAMO. SOZIOLOGOA
«Salaketetan usu ez du jartzen gorroto delituak direnik; epaietan ere ez, ondorioz»
Berria, , 21-01-2016Gizartearen bazterretan egoten dira, gehienetan, gorroto diskurtsoetan ahotan hartzen diren kolektiboak; baita delituen biktimak ere. Ijitoak, esaterako, usu egon dira talde horietan sartuta. Ijitoen Idazkaritza elkartean dihardu Javier Saez del Alamok. Soziologo ezaguna da, gay eta lesbianek jasaten duten bazterkeriaren inguruan ere lan ugari egindakoa. Errenterian (Gipuzkoa) izan zen abenduan, lege aldetik delitu horien aurka zer egin daitekeen azaltzeko tailer bat ematen.
Espainiako legeetan ondo zehaztuta al dago zer izaten diren gorroto delituak?
Egun dagoen agiririk argiena, seguru asko, Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioak gaiaren inguruan 2014an egindako protokoloa da. Ezaugarri jakin batzuk dituzten pertsonen kontra egiten diren delituak direla zehazten da: sexu joera, arraza edo erlijio jakin baten jarraitzailea izateagatik norbaiten kontra egindako delituak, hain justu. Tamalez, Espainian alor horretan esperientzia urria egon da orain arte, eta atzerapena handia da Europako beste hainbat herrialderekin alderatuta. Epaile eta fiskalek gaiak ikuspegi horrekin lantzeko ohitura oso urria dute, eta, ondorioz, sententzia gutxi daude.
Aukera galdutzat duzue Espainiako Zigor Kodearen azken erreforman delitu horien kontra behar adinako irmotasunarekin egin ez izana, ezta?
Hala da. Izan ere, aipatzen dira, baina ez dago gai horren inguruko atal multzorik. Horregatik, orain arloan dihardugunon xedea da delitu horien inguruko lege integral bat, horren bidez neurri zehatzak ezartzeko. Beste herrialde batzuetan badira halakoak.
Halakorik gabe, ikusten ere zailak dira usu delitu mota horiek…
Hori da arazoa: ikusezinak dira. Salaketetan usu ez du jartzen gorroto delituak direnik; ondorioz, epaietan ere ez. Horrek dakar jurisprudentziarik ez egotea, eta horrelakorik egiteko ohiturarik ere ez. Benetako gurpil zoroa da. Ijitoen kontra edo LGTB kolektiboko pertsonen kontra egindako delituetan sarri ikusten da hori, eta baita etxerik gabekoen kontrako delituetan ere.
Ikusezintasun horrek gaiari buruz modu hutsalean eta desegokian mintzatzea al dakar?
Halaxe da. Eta bi zentzutan ikusten da hori. Batetik, zigorgabetasuna sentitzen dute askotan gorroto delituak egiten dituztenek, eta horrek dakar usu gaia hutsaltzea. Bestetik, oso argi ikusten da hori gorroto diskurtsoetan ere; sare sozialetan, esaterako, gauza izugarriak idazten dira askotan; ijitoak hil egin behar direla eta horrelakoak. Badira tankera horretako milaka mezu, baina ez da horien aurka egiten. Adierazpen askatasuna dela eta, hor uzten dira. Beste hainbat herrialdetan, ordea, oso bestelako jarrera izaten da horrelako diskurtsoen inguruan. Emakumeen inguruan ere sarri askotan oso mezu gogorrak idazten dira, bortxaz beterikoak. Baina horien kontra egiteko bide landurik ez dago oraindik ere Espainian.
Gorroto delituen kontrako lege integral batek urrun dirudi…
Bai, Espainiako Barne Ministerioak delitu horien inguruko protokoloa egitea, behintzat, aurrerapauso bat izan da. Sumatu da azkenaldian beste jarrera bat. Baina egia da, oro har, nahi baino motelago doala dena; nolabaiteko utzikeria sentitzen da, gainera, gaiaren inguruan. Alorrean dihardugun elkarte guztiak zain gaude legealdi berrian zer gertatuko den, eta alderdi guztiei argi utzi diegu zein den gure helburua. Neurri zehatzak nahi ditugu, eta aurrekontuak horiek garatzeko.
(Puede haber caducado)