Gorrotoaren aurkako lana, sarean hobeto
Administrazioen bitartez, eta baita giza eskubideen arloko elkarteek sustatuta ere, martxan ari dira gorroto delituen eta horien aldeko diskurtsoen aurkako hainbat sare
Berria, , 21-01-2016«Gure sarean badaude hainbat pertsona eta elkarte antena moduan lan egiten dutenak; antena moduan, gorroto delituak atzemateko». Gerar Karrerek hartu du hitza, Oiartzualdean —Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia batzen ditu, Gipuzkoan— xenofobiaren aurka antolatutako Berdin sareko arduradunak. SOS Arrazakeriak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eratutako egitasmo bat da, eta garrantzi handia eman diote sarean batu diren eragileen «trebakuntzari». Etorkinen kontrako gorroto delituak eta horiek hauspotzeko usu erabiltzen diren diskurtsoak zer diren jakitea da xedea: errepara diezaieten. «Instituzioetara jo dugu; udaletara, bereziki: gizarte zerbitzuetara eta udaltzaingoetara. Izan ere, horiek izaten dute etorkinekin harreman handiena. Errenterian, esaterako, ikastaro bat egin dugu udaltzainekin eta gizarte zerbitzuetako kideekin».
Etorkinen elkarteetara ere jo dute: «Ahaldundu nahi ditugu; eskubideak dituztela esan nahi diegu, erabili behar dituztela, pasatzen utzi gabe». Sei hilabete daramatzate lanean, eta egitasmoarekin segitu nahi dute; beste eskualde batzuetara eramatea ere buruan dute. Sistema zabalago baten barruan ari dira; izan ere, Eusko Jaurlaritzak martxan du Eraberean sarea, gorroto-delitu klase ororen —ez bakarrik xenofoboen— kontra egiten saiatzeko.
«Ikusezinak» dira usu gorroto delituak, salatzen ez direlako, edo estalita geratzen direlako: aitzakia artean. Hori da, Karrereren aburuz, arazo nagusietarikoa. «Askotan, esaterako, etorkinek arazoak izaten dituzte etxeak alokatzeko, baina inoiz gutxitan esaten diete ez dietela etxerik alokatu nahi, bada, adibidez, marokoarrak direlako; alokatuta dagoela esaten diete… Bazterkeria zeharkakoa da usu, demostratzen zaila. Baina guk, gutxienez, kontuan hartu nahi ditugu susmo horiek: jaso nahi ditugu». Horretan ari dira. «Erronka nagusia da dinamika bat sortzea gaiaren inguruan, tentsioa mantentzea».
Europa osoko sarea
Helburu horri atxikita dihardu Gipuzkoako SOS Arrazakeriak Together sarean ere. Euskal Herrian bezalaxe, Katalunian, Zipren, Txekian eta Italian dago egituratuta. Trebakuntza du xedeetako bat: «Gaiaren inguruan gizarte zibila eta Polizia trebatzea eta gaitzea lortu nahi dugu», azaldu du Gipuzkoako SOS Arrazakeriako ordezkari Edna Gimenez Suarezek. Asmo horrekin, trebakuntza saio bat egin zuten Arkautin, ertzainen akademian, 45 poliziabururekin; Berdinek Errenteriako udaltzainak trebatzeko egindako saioan parte hartu zuten, eta Donostiako udaltzainekin beste antzeko bat egin zuten. Ikerketa bat ere hasi dute, gaur egun gorroto delituei «sistematikoki» erreparatzeko dauden bideen inguruan.
(Puede haber caducado)