Turkia, Marokotik ihesbide errazena

Istanbulera hegazkinez joan ondoren Greziarako ontziak hartzen dituzte gero eta marokoar eta aljeriar gehiagok. Alemania jomuga badute ere, haiek kaleratzeko asmoa dago.

Berria, D. Agirre, 15-01-2016

Gehienak Maroko eta Aljeriakoak. Erdiak, baina, asilo eskatu duten errefuxiatuak. Koloniako poliziak Urtezahar gauean tren geltokian identifikatutakoez zabaldu zituen lehenbiziko xehetasunek harridura eragin dute. Bi herrialde horiek ez zeuden, orain arte, errefuxiatuen jatorriei buruz gobernuak xehatu ohi dituen zerrendetan. Aste honetan jakin da, erasoen harira, azaroan eta abenduan nabarmen hazi direla marokoarren eta aljeriarren asilo eskaerak Alemanian. Lehenak bosgarren herritartasun ugariena bilakatu dira tarte horretan: 2.900 prozesu ireki zituzten azaroan, eta 2.700 abenduan.

Hamarkadetan baliatu den ibilbidearen oso bestelakoa baliatu dute, antza, ailegatu berriek. Nikos Kotzias Greziako atzerri ministroaren arabera, Espainian itxi zitzaien ateari alternatiba topatu diote. «Istanbulera 50 eurogatik hegaz egiten dute, eta kostara doaz azkar mafien itsasontzietan Europara pasatzeko», zehaztu berri du.

Lau astean, kanpora

Alemaniako gobernuak, halere, entzungor egingo die Afrika iparraldeko asilo eskaerei. Xedea da etorkinak lau astean kanporatzea. Tramitea aise egin ahal izateko, Maroko eta Aljeria herrialde seguruen zerrendan txertatuko dira laster. Kazetari eta politikari jazarriei atetxo bat zabalik uztea hitzeman du Berlinek.

Barne Ministerioaren arabera, asilo eskaera olde hau ez da soilik Turkiatik heldu berriena. Frantzian eta Alemanian lehendik paperik gabe zeuden Afrikako iparraldeko etorkinak errefuxiatu gisa erregistratzen saiatzen ari diren susmoa omen dago. Hobe dute ilusio handirik ez egitea: «Siriakoen eta Irakekoen aldean, askoz aukera txikiagoa dute geratzeko», ohartarazi die Angela Merkelek berak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)