Legedia dela eta, egileak ezin dira kartzelatu
Berria, , 15-01-2016Duela 20 urte, senar-emazteen arteko bortxaketak legezkoak ziren Alemanian. 1997an, delitu sexual bihurtzen zituen legearen aurka bozkatu zuten Reichstagen 138 diputatu demokristau eta liberalek. Halako neurrien beharrik ez zela antzematen azaldu zuten gehienek. Arrazoiketa, dibortzio lege bat bazela, eta bi alderdiei eskaintzen ziela aukera hitzarmena apurtzeko azalpenik eman behar izan gabe.
Ezezkoaren aldeko horietako bat Horst Seehofer zen, egungo Bavariako presidentea eta Angela Merkelen alderdikidea. Errefuxiatuen krisia dela-eta kantzilerrak izan duen aurkaririk sonatu eta setatsuena da Seehofer. Urtero Alemaniak onar ditzakeen asilo eskaerei muga bat ezartzea exijitu du behin eta berriro; Bavariak eta Austriak partekatzen duten muga ixteko plan bat ere badu, baina hura ezartzeko ez du baimenik erdietsi Berlinen.
Egunotan agerian geratu dira 1997ko lege erreforma haren gabeziak. Biktima arropen azpitik igurztea edo atxikita mantentzea ez dira delitu larriak, harago ez badoaz. Orain arte zabaldu den informazioaren arabera, bi bortxaketa salatu dira Koloniako tren geltokian Urtezaharreko gertakarien harira. Gainerako sexu erasoak «arinagoak» izan zirenez, haien egileak topatuz gero ere ezingo dira kartzelatu, tartean lapurretarik ez bada.
Korrika eta presaka, gobernuko bazkideek legedia eguneratu eta osatuko dutela hitzeman dute (2015ean aurkeztu zen zirriborro bat). Seehoferrek dio, berriz, Koloniako gau beltzak errefuxiatuen politikan mugarri berehalakoa izan behar lukeela. Talde feministek erantzun diote presa horrexen falta sumatu dutela faltan Reichstagen hogei urte hauetan, sexu eraso guztiak delitu larri bilaka zitzaten itxaroten zuten bitartean.
(Puede haber caducado)