Donostiako Udalak «baliabide guztiak» jarriko ditu hirira iristen diren errefuxiatuen eskura

Gara, NAIZ, 11-01-2016

Donostiako Udalak gipuzkoar hiriburura iristen diren errfuxiatuen esku «baliabide guztiak» jarriko dituela adierazi du. Zentzu honetan, errefuxiatuaren estatutua lortu nahi dutela nabarmendu du, eta horretarako CEAR erakundearekin harremanetan jarri ditu. Bestetik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek batzorde berezi bat osatuko dute errefuxiatuen egoera aztertzeko.

Errefuxiatu estatusa lortzeko etorkin hauen esku «baliabide guztiak» jarriko dituela adierazi du Donostiako Udalak. Aitziber San Roman zinegotziak eman duen prentsaurrekoan, hau lortzeko bidean CEAR erakundearekin harremanetan jarri direla adierazi du.

Pertsona hauek ez dira errefuxiatu kupoen parte, baizik eta euren kabuz iritsi dira gipuzkoar hiriburura. «Pertsona hauen egoera zehazta aztertzen ari dira ahalik eta hoberen zainduak izan daitezen», adierazi du San Romanek.

«Palestinar hiritar hauek errefuxiatuaren estatutua eskatzeko grina adierazi dute eta horregatik udalak tramite hauetan laguntza eman die», gehitu du. Hau dela – eta, bihar elkartuko dira CEAR erakundearekin. «Udalak dituen tresna guztiak helburu hori lortzeko erabiliko dira».

Abenduaren 31an, beraien kabuz, iritsi ziren Donostiara gizonezko palestinar bat alde batetik, eta bestetik, emakume palestinar bat hiru haurrekin.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek batzorde berezi bat osatuko dute errefuxiatuen egoera aztertzeko

EH Bilduren ekimenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek batzorde berezi bat sortuko dute jaioterria utzi eta Gipuzkoara etorri behar izan duten herritarren egoera aztertzeko eta dituzten beharrak identifikatzeko.

Ainhoa Beola batzarkideak azaldu duenez, «egoera asko eta oso ezberdinak daude, bana puntu komun batekin: inork ez duela bere sorterria uzten oinarrizko egoera oker bat hobetzeko ez bada». Horregatik, egoera horren diagnostikoa egitea «ezinbestekoa» dela adierazi du. Proposamena aho batez onartu da eta bi hilabeteko iraupena izango du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)