Koloretako Errege magoak
Meltxor, Gaspar eta Baltasar Euskal Herrira ailegatu dira, urtero egiten duten bezala. Iruñean, berezitasuna Baltasar izan da, ezusteko erabakia hartu baitute: hondarreko erregea beltza izan da. Gameluan, trenean eta orgetan heldu dira opariak banatzera Hegoaldeko hiri eta herrietara.
Berria, , 07-01-2016Beltza izan da. Harridura handiz atera zituzten, atzo, sakelakoak Magdalenako zubiaren bueltan zirenek. Izan ere, aurten, Iruñeko Baltasar ez zen beltzez margotutako zuri bat. Beltza zen. Hala, azken 30 urteetan ez bezala, Fernando Lizaur ez zen gameluaren gainera igo.
Hala ere, polemika ez zen itzali. Are, gehiago piztu zen. Izan ere, udaletxera ailegatzerakoan, Baltasarrek eskutitza irakurri zuen haur eta gurasoen aurrean. «Guziek ezagutzen duzuen Baltasarren» karta omen zen. Gaixorik zegoela, eta ezin zuenez Iruñera joan, beste errege bat bilatu zuela. Ez omen benetakoa, beltza. Bai, ordea, zuria. Litekeena da, beraz, aurrerantzean ere polemika berarekin jarraitzea. Iruñean, gauza batzuk ez dira aldatzen. Hitzok belztu zuten desfilea.
Azken urteetan Baltasarren rola beltz batek joka dezan aldarrikatu dute hainbat eragile sozialek eta politikok. Aurten, Iruñeko Udalak propio eskatu zion desfilea antolatzen duen elkarteari. Batzordea ere egin zuten azken horiek, eta udalak antolaketan eskurik ezin zuela sartu ebatzi zuten 39 lagunek, nahiz eta hainbat zerbitzu eta 50.000 euroko diru laguntza eskaintzen dizkion urtero. Baltasar beltzak ilusioa piztu zuen Iruñean, ezustekoa. Baina geroko hitzek agerian utzi zuten ez zela hautu kontzientea. Kasualitatez izan zen Baltasar beltza Nafarroako hiriburuan.
Polemikak polemika, Alde Zaharrera bildu ziren gehienek Meltxor, Gaspar eta Baltasar ikusi nahi zituzten. 16:00etan ziren ailegatzekoak, baina pixka bat berandutu ziren. Gameluaren gainean ziren hiru erregeak, eta, aurretik, tronpetak eta tinbalak, banderariak eta kolore anitzez jantzitako pajeak. Madalenako zubia igaro, eta Frantziako atarira hurbildu ziren. Atea, baina, itxita zegoen. «Geldi. Zaudete une batez. Hiri honetako ateak itxita daude», esan zien atearen gainean zegoen gizonak. «Zubia ez da bihar arte irekiko».
Atearen bestaldetik, ahots batek zioen pasatu beharra zutela, misio bat zutela gau hartan betetzeko. Zein ziren galdeturik, ekialdeko Errege magoak zirela erantzun zuen: Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Bakea, ilusioa eta zoriona zekartela haurrendako. «Orduan, ongi etorri Iruñera, bihotz-bihotzez».
Hitz horiei jarraikiz, Joseba Asiron Iruñeko alkateak ateak zabaldu zituen, eta ongi etorria eman zien. Horren aurretik esan zuenez, ez zegoen urduri, nahiz eta azken urteetan ez zen desfilean izan. Dena den, gustura zegoen alkatea batekin eta bestearekin solasean: «Oso giro polita dago; umeen aurpegietara begiratzea oso berezia da», zioen. Iruñea Errege magoen etxea zela esan zuen, eta opariren bat ekarriko ziotelakoan zegoen. «Ez diet ezer eskatu, baina zerbait espero dut».
Oso koloretsua izan zen Iruñeko desfilea. Ez bakarrik protagonisten azalaren koloreengatik. Ehunka lagunek parte hartu zuten, eta denek kolore biziko jantziak zituzten soinean. Hala ziren Patricia Montes, panderoarekin, eta Fran Ansa, saxofoiarekin. «Oso urduri nago; gaur lorik ere ez dut egin», aitortu zuen Montesek. Asa musika eskolakoak dira biak. «Lan polita dugu; ongi pasatu behar dugu. Zenbat eta hobekiago pasatu, esan nahiko du orduan eta hobekiago egin dugula lan», zioen Ansak. Saxofoi jotzailearen aburuz, helduek haurrek baino hobeki pasatzen dute: «Nork ez du gogoko rememeber besta bat?».
Frantziako ataria igarota, lepo zegoen Nabarreria zeharkatu eta udaletxera joan ziren Errege magoak. Ondoren, Misericordia etxean Jesus haurtxoa agurtu, eta orgetan igo ziren, desfile nagusian parte hartzeko. Su bestarekin hasi zen, 19:00etan, eta han bildu zen jende gehien.
Gasteizera, trenez
Trenez iritsi ziren Errege magoak Gasteizera, urtero moduan. Goizeko hamaiketan ziren iristekoak hiriko geltoki nagusira. Ordurako, baina, inguruko kaleak jendez beteta zeuden. Fanfarrea ere giroa alaitzen zebilen inguruan, eta txikienak, dantzan. Hiriko haur gehienak kalean ziren. Batzuk, geltokian bertan, eta beste batzuk, desfilearen zain, kalean. Azken minutuan iritsi zenik ere izan zen. «Justu-justu iritsi gara, Ainhoa!», esan zion Sara Rojasek alabari. «Geltokira etorri nahi genuen, eta iritsi gara azkenean».
Bi minuturen faltan, megafoniatik abisua eman zuten: «Errege magoak dakartzan trena geltokian sartzear da». Musikaren ondotik, oihuak eta urduritasuna. «Badatozela! Badatozela!» oihukatzen zuten han bildutakoek. Haurrak, dantzatzeari utzi, eta gurasoen sorbalda gainera igo ziren segidan. Hamaikak jo orduko iritsi ziren Meltxor, Gaspar eta Baltasar Gasteizera, postariekin batera.
Geltokian lehen agurra egin, eta auto klasikoetara igo ziren berehala, Plaza Berrirainoko bidea egiteko. Dato kalea zeharkatu zuten desfilean, danbor hotsen, fanfarrearen musikaren eta banderarien artean. Ia eguerdia zen udaletxeko balkoira igo eta Errege magoen lehen hitzak entzun zirenerako. Meltxorrek eskerrak eman zizkien gasteiztarrei jasotako harrera beroagatik. «Eskerrik asko guztioi aurten ere horrela hartu gaituzuelako».
Eguerdia pasatuta, Goiuri jauregira abiatu ziren, txikienekin hitz egin eta haien eskutitzak jasotzera. Ilara luzea zen Gasteizko muinoaren gainean ordurako. Eguzki printza batzuk ageri ziren arren, hotza nabarmena zen goizean. Hala ere, tenperatura baxuak ez zuen inor etxean utzi, eta batzuk txokolate beroa eta guzti bildu ziren bertara.
Gabriel Egea bost urteko haurra zen, baina, guztietan lehena. Goizeko sei eta erdietarako ilaran zen aita. «Oso pozik nago lehena izan naizelako». Ordea, minutu batzuk itxaron behar izan zituzten Mikel eta Aimar Pintadok. «Meltxor eta Baltasarrekin egoteko aukera izan dugu, eta eskutitza eman diegu. Nik bateria bat eskatu diot», esan zuen Aimar Pintadok. Goxoki bana zuten ahoan, eta beste bat eskuetan.
Arratsaldean, berriz, desfile nagusia egin zuten hiriko kaleetan barrena. Guztira, 360 lagunek parte hartu zuten, eta han ere ez zen ilusiorik falta izan.
Istripu txikia
Bilbon eta Donostian ere izan ziren Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Gipuzkoako hiriburuan istripu txiki bat izan zuen Meltxorrek, gamelutik erori baitzen. Hala ere, desfilea normal-normal egin zuten ondoren. Gaur, Euskal Herriko haur askok opariak jasoko dituzte. Bukatu dira Gabonak eta oporrak, baina umeek ederki gozatuta.
(Puede haber caducado)