Nafarroan hamasei errefuxiaturi harrera egin diete aste hauetan

Bost familia dira, Siria, Ukraina, Jordania eta Hondurastik ihes eginikoak. 300 lagun hartzeko prest direla gogorarazi du Nafarroako Gobernuak

Berria, , 24-12-2015

Hamasei errefuxiaturi eman die abaroa Nafarroako Gobernuak, Gurutze Gorriarekin batera, asteotan. Bost sendi dira guztira, eta horien artean badira umeak dituzten hainbat bikote. Siria, Ukraina, Jordania eta Hondurastik etorritakoak dira; herrialde horietako gatazketatik ihes egindakoak. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Ana Ollok atzo nabarmendu zuen «konpromiso» irmoa duela erakundeak asilo beharrean diren pertsonekin. Hain zuzen ere, irailean, Europa ekialdetik heltzen ari diren milaka errefuxiatuen inguruko albisteek oihartzun handia lortu zutenean, foru gobernuak egin zuen eskaintzak bere horretan segitzen du: prest daude 300 errefuxiatu hartzeko. «Nazioarteko araudiak» pertsona horien eskubideak bermatzeko bideak ematen dituela adierazi zuen, eta aurrera urratsak egin behar direla horiek ekartzeko prozesuak arintzeko.

Olloren eskaria argudio zinetan sendoetan oinarrituta dago; izan ere, errefuxiatuei babesa emateko politiken eraginkortasun falta agerikoa da. Konpromisoa hartu zen 120.000 iheslari banatzeko datozen bi urteotan Europako Batasunean, eta errefuxiatuen babeserako elkarteek deitoratu duten arren oso gutxi direla, kopuru gutxieneko horretara hurbiltzen hasi ere ez dira egin orain arte egin diren urratsak. Hego Euskal Herriko datuak horren erakusgarri argia dira; Nafarroan asteotan egin diren harrerez aparte, aurretik beste harrera saio bakar bat dago eginda: azaroaren 8an Eritreatik ihes egindako hiru errefuxiatu hartu zituzten Gasteizen. Beste ezertxo ere ez da egin oraindik. Iparraldean, Baigorriko (Nafarroa Beherea) kasuak merezi du aparteko aipamena: azaroaren 21ean eta 25ean iritsita, 49 iheslari dauzkate aterpetuta bertan.

Epe laburrean Nafarroan beste hogei errefuxiatu hartzeko prest daudela gogorarazi zuten atzo Gurutze Gorriko arduradunek, eta horretarako eskaria egina dutela. 18-24 hilabeteko programak prest dituzte pertsona horiei bizitza egituratzen laguntzeko, eta apurka autonomo izateko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)