EB, geldotasunak gogaiturik

Bruselan bilduko da Europar Kontseilua gaur eta bihar, errefuxiatuen krisian hartutako neurriak azkartzeko. Harreraguneetako «okerrak» zuzendu nahi ditu, eta iheslariak erregistratzera behartu

Berria, , 17-12-2015

Europaren erronka nagusiak identifikatu ditu Bruselak, eta maila berean jarri ditu errefuxiatuen krisia eta jihadismoa. Baita erantzun berbera eman ere: kanpo mugak itxi eta haien gaineko kontrola indartu. Iheslarien inguruan hartuak dituzte erabakiak 28ek, baina motela da erantzuna. 160.000 lagun EB Europa Batasuneko herrialdeen artean banatzeko konpromisoa hartu zuten, baina dozena gutxi batzuk—64 lagun Greziatik, eta beste 125 inguru Italiatik— besterik ez dituzte lekualdatu. Neurri horiek azkartzeko egingo dute gaur eta bihar Bruselan Europar Kontseiluaren bilkura. Baina, batez ere, kanpo mugen auzia eztabaidatuko dute: EBko agintariek nahi dute Grezian antzemandako «okerrak» zuzentzea.

Europa gotortzeko neurriek Schengen zirkulazio askeko eremuaren izaera auzitan jarri dute. Alemaniak, Austriak, Txekiak eta Suediak barne kontrolak ezarri dituzte behin-behinean, errefuxiatuak beste herrialdeetara desbideratzeko, eta, horrela, EBko beste kideak estutzeko.

Halere, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak eremuaren inguruko zalantzak uxatu nahi izan ditu: «Schengen askorako izango dugu». EBko mugazainen talde bat sortzearen inguruan izango dira eztabaida nekezenak, hainbat herrialde ez baitaude prest subiranotasun gehiago Bruselaren eskuetan uzteko. Herrialde horiek lasaitu nahi izan ditu Junckerrek. «Estatuek mugen gaineko subiranotasuna eta eskuduntzak izango dituzte aurrerantzean ere, kanpo muga kudeatzen jarraituko dute egunero-egunero». 1.500 poliziek osatutako taldea nahi du EBk, behar izanez gero, herrialdearen nahiaren aurka ere, mugan esku hartzeko. «Europarrek jada ez dituzte muga asko, bakarra baizik, eta babesteko erantzukizuna dute», esan du Junckerrek.

Errefuxiatuen etorria kontrolatzeko, ezinbesteko azpiegiturak dira hotspot deiturikoak, Italian eta Grezian ezarri dituzten harreraguneak. EBk kudeatzen ditu gune horiek, eta hor egiten dute lehen galbahea: asiloa eskatzeko eskubidea aitortzen dietenak, batetik, eta, gainerakoak, bestetik.

Azpiegitura falta

EBko estatuburuak tematuta daude errefuxiatuak batasunean sartzen diren herrialdean erregistratu behar direla, eta beste herrialdeetara mugi ez daitezen neurriak hartu behar direla. Harrera zentroetako «okerrak» zuzendu nahi dituzte. «Erregistratzeari uko egiteko asmoa kendu», aipatzen du hainbat hedabidetara filtratu den bilkurako zirriborroak. Beste hitz batzuetan esanda: harrera gunean izena ematera behartuko dituzte.

Baina krisiari aurre egiteko azpiegiturak falta ditu Europak: soilik bi harreragune daude egun martxan —Lesbos uhartean Grezian; eta Lampedusan, Italian—. Beste harrera gune berriak irekitzeko egutegia eztabaidatu beharko dute egunotan.

Bestalde, errefuxiatuak banatzeko mekanismotik atera egin da Suedia, gehiago hartzeko gaitasuna ez duela argudiatuta. Behin-behinean, urtebetean printzipioz, ez ditu Italiako eta Greziako iheslariak hartuko. Horrez gainera, gaur eta biharko bilkuran eztabaidatuko dute errefuxiatuak birkokatzeko sistema Suediara eta «presiopean» dauden beste herrialdeetara zabaltzea. Errefuxiatu gehien hartu duten EBko herrialdeen artean bigarrena da Suedia, Alemaniaren ondoren. Biztanleriari erreparatuz gero, ordea, proportzioz gehien jaso duena da.

Turkiako errefuxiatu kanpalekuetatik iheslariak zuzenean hartzea ere aztertuko dute. Berlinek sistema horren alde egin du, aldez aurretik iheslariak identifikatzeko eta giza trafikatzaileak saihesteko aukera ematen duelako. Edonola ere, oraindik ez dute kuotarik adostu Ankararekin. Austriako Atzerri ministro Werner Faymannen arabera, 50.000 bat hartu ditzake Europak.

Finantzaketaren inguruan ere hitz egingo dute. Izan ere, EBk 3.000 milioi euro agindu dizkio Turkiari, Europako atezain lanak egin eta errefuxiatu eta migratzaileen ibilia oztopa dezan. Europako Batzordeak proposatutakoaren arabera, 500 milioi euro EBko aurrekontutik hartuko lituzkete, eta gainerakoa estatu kideek BPGaren arabera ordaindu beharko lukete.

Alde horretatik, Europako Batzordeak jakinarazi du 300 milioi euro jarriko dituela «migrazioari aurre egiteko» jatorriko herrialdeetan. Afrikako Adarreko herrialdeetara bideratuko dute laguntza, hamasei ekintzetan. Bruselaren arabera, laguntza horrekin herrialde horiek «migrazioa hobeto kudeatu» ahal izango dute. Helburua: migratzaileak Europara ez iristea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)