GAKOAK
Berria, , 15-12-2015Europako Batasunetik kanpoko jatorria duten etorkinentzat —edo baimen bereziak ez dituztenentzat— familiak ekartzeko bidea korapilatsua izaten da usu: oztopoz betetako malkar bat. «Familia ekartzea ez dago onartuta oinarrizko eskubidetzat», deitoratu du SOS Arrazakeriako abokatu Mikel Mazkiaranek. Horren ondorioz, hautu hori egiten duten etorkinek ezin izaten dira iritsi beti helmugara. Horra, puntuz puntu jarrita, Frantziako eta Espainiako legeriek ezarritako irizpide nagusiak:
Nor ekar daitekeen
• Ezkontidea —edo erregistratutako bikotekide bat—eta seme-alaba adingabeak ekar ditzakete. Haur eta nerabeek bi guraso badituzte, eta familia elkartzeko eskaria bakar bat egiten ari bada, horrek guraso ahala edo umeen zaintzaren ardura bere esku daudela erakutsi beharko du. Frantziako Atzerri Ministerioak «soilik» aukera horiek ematen ditu senitartekoak elkartzeko; ezkontidea eta seme-alabak ekartzea. Espainiako legeriari atxikita, guraso edo aurreko bestelako ahaideak ere ekar daitezke, eta 65 urtetik beherakoak badira arrazoi humanitarioak argudiatu behar dira horiek ekartzeko. Erakutsi behar da, halaber, ahaide horiek mendeko direla ekonomikoki; etorkinek bidalitakoaren premian bizi direla lehendik ere beren jatorrizko herrialdean.
Zer baldintza dauden
• Familia ekartzeko eskaria egiten duten etorkinek gutxienez legez urtebeteko egonaldia eginda eduki behar dute Espainiako legeriari atxikita, eta beste urtebete ere baimenduta eduki behar dute. Frantziako legeriak eskatzen du hemezortzi hilabetean legezko egoera batean egotea, eta ondorengo hilabeteetakoa ere lotua izatea. Bi legeriak zorrotzak dira baldintzetan; etorkinek erakutsi behar dute etxebizitza egoki bat dutela familiarekin batera bizitzeko, eta behar adinako diru sarrerak dituztela familia zaintzeko. Gorriak eta beltzak ikusten dituzte, usu, familia elkartu nahi dutenek baldintza horiek betetzeko. Mazkiaranek sarri ikusi ditu borroka horretan: «Hori izaten da oztopo handia». Saihesbide gisa, bisarik gabe etor daitezkeenek, turista gisara ekartzen dute zenbaitetan familia, geroago senitartekoen egoera arautzea lortuko duten itxaropenean.
(Puede haber caducado)