Gazitik, eta gozotik

Familia elkartzeko ahalegina egiten duten etorkin gehienak bat datoz; prozesua legez egitea ia ezinezkoa da, eta, emozionalki, bide konplexua da oso: errealitatea ez da amesten zuten bezalakoa, ertzez josita dago.

Berria, A.Iraola, 15-12-2015

«Hotz galanta zen heldu nintzen egunean». Iazko otsailean izan zen. Loiuko (Bizkaia) aireportura orduan ailegatu zen Dina Bethy Sarmiento, Hondurastik. Eskutik, seme txikiena: hiru urte eta erdikoa. Sorterrian beste bi utzi zituen: «20 urtekoa bata, 16koa bestea». Bidez Bide elkarteak etorkinei laguntzeko dituen egitasmoetan parte hartzen du, eta haien sostenguarekin ari zaio aurre egiten familia banatuta edukitzeak dakartzan sentimendu kontrajarriei. «Ez dakit bi zaharrenak ez nengoenerako behar bezala prestatzen asmatu nuen; orain, askotan esaten didate oso bakarrik sentitzen direla». Aitarekin daude, eta harekin dituzten bizikidetza arazoak burutik kendu ezinik dabil, esaterako, egunotan: distantziaren sokari lotuta. «Mutil onak dira, baina zenbaitetan emozioek gainezka egiten dietela iruditzen zait». Haiek bere ondora ekarri nahi lituzke, baina aurrena seme txikienarekin habia bat eraiki nahi du, eta nekez ari dela dio. Oso nekez. «Horrelako ume txiki batekin lanerako aukerak asko murrizten dira».

Irail honetan iritsi da Carolina Izaguirrez Celayaren semerik zaharrena Euskal Herrira. «Ez dit oraindik ama esaten, baina saiatzen da». 12 urte ditu, eta oso txikia zela utzi zuen han. «Nire amak zaindu zuen, eta orain oso gogorra egiten zaio harekin ez egotea. Hari esaten dio ama». Eskola, lagunak, eguraldia. Aldaketa askori egin behar die aurre gaztetxoak. «Zenbaitetan esaten du Nikaraguara joan nahi duela berriz ere. Gogorra da hori. Uste nuen, ekartzea lortzen nuenean, munduko amarik zoriontsuena izango nintzela». Esperientziak gazitik ere baduela dio: zailetik. 6 urteko seme bat ere badu, hemen jaiotakoa, eta, orain, denen artean familia egituratzeko ahaleginetan ari dira: seme zaharrena ere sartuta. «Harekin egunero hitz egiten banuen ere, eta dirua bidaltzen banuen ere, harentzat, hein handi batean, arrotza naiz».

Carmen Rosa Rosales Andia sortzez Boliviakoa da, baina Argentinatik egin zuen Euskal Herrirako bidea bikotekidearekin batera. «Han, nire ahizparen ardurapean, semetxoa utzi genuen: lau hilabete zituen orduan». 7 urte zituenean turista gisara ekarri, eta beraien ondoan dute ordutik. Ordurako beste umetxo bat ere bazuten etxean, eta elkarbizitzak gorabehera handiak izan dituela onartzen du. «Orain hobeto dago. Hasieran ezinezkoak eta bi egiten zituen ni ernegatzeko».

Elkarren berri izatea

Prozesu horretan Bidez Bidek eskaintzen duenaren tankerako zerbitzuak oso lagungarriak direla diote hirurek. «Onerako da». Badute familiak elkartzeko legeak ezartzen dituen baldintza zorrotzen berri, eta betetzen zinetan zailak direla diote aho batez. «Eskatutako guztiari aurre egitea oso zaila da, eta, horregatik, gehienok legez kanpo ekartzen ditugu; turista gisara, gero gera daitezen».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)