Elkartasun Astea antolatu dute Rwanda Taldeak eta San Benito Ikastolak, 11tik 20ra

'Emakumeak indian' erakusketa, 'Minerita' film laburra edo urteroko elkartasun jaialdiak osatuko dute aurtengo egitaraua, besteak beste Giharan 2000. urtetik martxan den Rwandarwejo proiekturako laguntza biltzea da helburuetako bat

Diario Vasco, DV, 08-12-2015

‘Hirugarren mundua ezagutzen. Beste mundu bat posible da’ lelopean, zenbait ekintza antolatu dituzte gabonen atarian Lazkaoko Rwanda taldeak eta San Benito ikastolak aurtengoan ere, abenduaren 11tik 20ra bitartean ospatuko den ‘Elkartasun Astean’.

Ekimen hau aurrera ateratzen den hamazazpigarren urtea da dagoeneko, eta elkartasun asteak helburu bikoitza izango du oraingoan. Alde batetik ‘hirugarren’ mundua ezagutzera ematekoa, dituzten arazoak, ematen dituzten erantzun eta borrokak…, eta bestetik Giharan 2000. urtetik martxan den Rwandarwejo proiekturako, kaleko umeak biltzen dituen ikastxokorako, laguntza biltzearena. Antolatzaileek dioten modura beste mundu hobe baten alde, eta hau posible dela erakutsi nahian gauzatzen den egitasmoa da «gure artean kontzientziak ikutu eta aldaketaren bat sortzeko asmoarekin».

Egitaraua

Datorren asterako prestatutako egitarauan argazki erakusketa dago batetik, ‘Emakumeak Indian’ izenburupean. Kultur etxeko erakusketa aretoan egongo da ikusgai, abenduaten 11tik 20ra, eta honi hasiera emateko ‘Minerita’ laburmetria ikusteko aukera izango da lehen egunean, ostiralean, iluntzeko 19.00etan, kultur etxean bertan. Aste guztian zehar, bidezko merkataritzako produktu eta eskulanen salmenta izango da gainera, argazki erakusketarekin batera.

Abenduaren 16an, asteazkenean, ‘Las Flores de Harrison’ pelikularen emanaldia izango da Arerian iluntzeko 21:30ean. Bertan izango da gure artean bizi den Lejla Oruc bosniarra ere eta filma ikusi aurretik, pelikulan agertzen den gerratetik ihes egiterakoan eta ondoren errefuxiatu moduan bizi izandakoa azalduko du areto lazkaotarrean.

Bestalde, San Benito ikastolako ikasleek, elkartasun jaialdia ere antolatu dute urtero moduan. Aurtengoan abenduaren 18an izango da, ostiralarekin. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Areria kultur gunean, musika, dantza, antzerki, bertso… izango dira lagun ruandarrei laguntzeko dirua bildu asmoz.

Eta amaitzeko, abenduaren 18, 19 eta 20an, jostailuen salmenta solidarioa burutuko dute baita ere ikastolako ikasleek plazako pilotalekuan, «beharrean daudenekiko elkartasunaren ideia indartzeko asmoz». Bigarren eskuko jostailu eta liburuak salduko dituzte, eta norbaitek salmentarako zerbait eman nahi badu, San Prudentzio eraikineko sarrerako gelan edo San Benitoko areto nagusian egin dezake datorren astelehena arte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)