Eskarmentua
El Correo, , 06-12-2015«Ez da gazteleraz ondo mintzatuko». Nire aitak, Cadizeko herri batean jaioak, ez zuen ondo ulertzen iragarpen beltz hori. Etxean gaztelera hutsean hitz egiten baikenuen. Cervantesen hizkuntza menperatuko du alabak, derrigorrez, esaten zion bere buruari.
Andaluziatik Laudiora emigratu zuten nire gurasoek. 1983an, herriko eskola publikoetan, B eredua ezarri zuten eta estreinako promozio horretan hamabost lagun baino ez ginen izan. Urte horietako oso oroipen politak dauzkat: elkarkidetasuna, barnetegiak Tertangan eta Plentzian, Korrika eguna, Oskorriren kantak, Natura liburua…
Denboraren poderioz, begi – bistan gelditu zen B ereduaren bideragarritasuna.
Hogeita hamar urte pasatu dira instant batean. Bizitzak abiadura bortitza hartzen du eta, dakizuenez, haurtzaroa aspaldiko oihartzun bilakatzen da bat – batean. Zenbait hamarkada pasatu badira ere, B eredu hori ezarri zenetik, gaur egun, etorkinek euskaldun ereduetan ikasten dutelako berria irakur dezakegu egunkarietan. Baina nabardura garrantzitsu bat azpimarratu nahi dut: gaur egun ez daude hamabost lagun klaseetan; orain, jakin dugunez, etorkin gehienek B eta D ereduak hautatzen diztuzte. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailean lehentasuna da ikasle etorkinek euskaraz ikastea. Eredu horiek hautatuz, integrazioa faboratzen dela esaten dute.
Abuztu oro, Malagako herrixka batean igarotzen nituen udako oporrak. Irailean, herrira bueltan, Andaluziako azentua nekarren. Behin, auzokide batek esan zidan oso arraroa suertatzen zitzaiola horrelako azentuarekin euskara entzutea. Nik bizkarrari eragin eta ez nion erantzun. Azentu ezberdinekin hizkuntza bakar bat hitz egiteari ondo deritzot. Denbora dago ahoskera lantzeko. Garrantzitsuena, norberak bere azentuarekin euskaraz egitea da. Herri baten kultura ezagutzeko biderik laburren eta naturalena da bertako hizkuntza ikastea.
Por cierto, también aprendimos a hablar castellano. Zoritxar – iragarle horiek laster ikusi zuten bai euskaraz bai gazteleraz mintzatzeko gai ginela.
Azken finean, hizkuntzen kontuan monogamiak bekatu izan beharko luke.
(Puede haber caducado)