Lubakia Europako bihotzean
Bruselan «beharrezkoa den denbora guztian» mantenduko dute alerta gorena. Bihar dira zabaltzekoak metroa, ikastetxeak eta unibertsitatea. Igandetik 21 lagun atxilotu dituzte, eta 29 miaketa egin
Berria, , 24-11-2015Parisko atentatuen ostean, lubaki moduko batean babestu da Brusela. Europako hiriburuak lau egun daramatza setio egoeran, «berehalako atentatu baten arriskua ikusirik» alerta gorena ezarri baitzuten larunbatean. Maila gorriari «beharrezkoa den denbora guztian» eutsiko diotela iragarri dute agintariek. Charles Michel Belgikako lehen ministroak, «mehatxua serioa eta berehalakoa» dela argudiatuz, adierazi du «alertan» jarraituko dutela: «Mehatxua atzokoa bezain handia da, eta gure esku dagoen informazioaren arabera jokatu behar dugu». OCAM Mehatxuak Aztertzeko Koordinazio Taldearekin elkartu ostean emandako prentsaurrekoan, lasaitasuna eta ulermena eskatu zien herritarrei, «lana zaila baita».
Ikastetxeak biharko zabaltzeko asmoa ere badaukatela iragarri du lehen ministroak, eta «progresiboki» neurriak hartuz joango direla, eta metroko linea batzuk ere asteazkenean zabalduko dituztela: «Egoera normal batera itzuli nahi dugula adierazten duten keinu argiak eta sendoak dira». Hiriburutik at, alerta maila apalagoa mantenduko dute.
Europako bihotzean, bada, nabarmenagoa geratu da egoeraren berezitasuna asteburuaren ostean. Kaleetan tankeak ikus daitezke, ezen poliziaz eta militarrez beteta dago erdigunea, eta, aldiz, asteguna izan arren, inor gutxi dabil erabat geldirik dagoen hiri desertuan. Haurtzaindegiak, ikastetxeak eta unibertsitateak itxita daude, eta asko eta asko dira etxetik lanean ari direnak. Psikosi moduko bat zabaldu da. Eta bada polizia estatu batez mintzatzen denik, eta segurtasunaren izenean hartutako neurriak gehiegizkoak direla salatzen duenik.
Milioi bat lagun
Bruselan milioi bat lagun bizi dira, baina astegunetan beste 250.000 lagun inguru biltzen dira lana dela eta; Europako Batasuneko erakunde gehienek hiriburuan daukate egoitza eta milaka lagunek han egiten dute lan astegunetan.
Eguberrien atarian, hiriaren itxura urteko garai honetan egon ohi denaren oso bestelakoa da. Metroak lau egun daramatza itxita, eta tranbiak eta trenek garraio publikoa bermatzen badute ere, geltoki batzuetan ez dute geldialdia egiten; Schuman, Mendebaldea, Merode eta Delta geltokietan, hain zuzen. Asteburuaren ostean denda eta taberna batzuk ireki badituzte ere, hutsik daude, eta zinemak, antzokiak, liburutegiak eta kiroldegiak, berriz, itxita daude oraindik ere.
Alerta gorenak berarekin dakarren hemezortzi puntuko neurri sorta bat ezarri zuten iragan larunbatean, tartean, polizien kopurua eta presentzia handituz, garraio publikoan segurtasun sendotuz, leku publikoetan arreta zorroztuz eta jendetsuak diren ekitaldiak bertan behera utziz.
Atxiloketa prebentiboak egiteko baimena ere aurreikusten du salbuespen egoerak. Eta, alde horretatik, miaketak zorroztu dituzte azken egunotan. Belgikako Fiskaltzak iragarri du 130 lagun hil zituzten atentatuetan ustez parte hartu zuen beste ekintzaile bat akusatu dutela. Dagoeneko, beraz, lau dira herrialdean akusatutako ustezko ekintzaileak.
Abdeslamen arrastorik ez
Bruselan, Charleroin eta Liejan 26 etxe miatu dituzte igandetik; igande gauean, hemeretzi miaketa egin zituzten, eta atzo, berriz, zazpi. Bruselan Molenbeek, Anderlecht, Jette, Schaerbeek, Woluwe-Saint-Lambert eta Foresten egin dituzte polizia operazioak.
Bruselako Plaza Nagusia enblematikoaren parean ere oso nabarmena izan da larrialdi egoera, inguruko kaleetan ere miaketa zorrotzak egin baitituzte.
Orotara, 21 lagun atxilotu zituzten, baina horietako 17 aske utzi zituzten gero. Hamza Attou eta Mohamed Amri dira atxilotuetako bi. Saleh Abdeslam Paristik Bruselara eramateaz daude akusatuta. Abdeslamen arrastorik, baina, ez dute aurkitu.
Jam Jambon Barne ministroak zehaztu du, hala ere, ez dutela emango ikerketaren inguruko xehetasunik: «Lana bukatu gabe dago, operazioa zabalik da, eta erantzukizunez jokatu behar dugu».
Frantzian, berriz, hamar egun daramatzate salbuespen egoeran —atentatuen egunean bertan jarri zuten—, eta miaketak egiten jarraitzen du Poliziak. Otsailaren 26ra arte indarrean egongo den larrialdi egoerari esker, epailearen agindurik gabeko 1.072 miaketa eta 117 atxiloketa egin dituzte; 253 laguni etxeko atxiloaldia ezarri diete. Miaketetan, berriz, 201 arma aurkitu dituzte; Saint-Denisen asteazkenean egindako erregistroan pistola bat aurkitu zuten —ustezko hiru ekintzaile hil zituzten operazioan—.
(Puede haber caducado)