Galderez eta erantzunez

Parisko atentatuek eragindako samina eta dolua galdera ikurrez beteta heldu dira, basakeria itsuenari aurre egin ezinean. Erantzun zuzenak aukeratzean datza sustraietara jo eta aurrera begira honelakoak eragozteko edozein aukera

El Correo, joseba arruti, 23-11-2015

Zur eta lur dago Europa hil honen 13az geroztik. Frantziako hiriburuko atentatu zitalek egiazko bihurtu dituzte amesgaizto ankerrenak. Ez da Batasunean honelako zerbait jazotzen den lehen aldia, atentatu odoltsuen oihartzuna oso atzetik baitator, gutxienez 2004an Madrilen pairatutakoetatik eta hurrengo urtean Londresen gertatu zirenetatik. 193 lagun erail zituzten lehenetan eta 56 izan ziren bigarreneko lau eztandetan zendutakoak. Ostean, tarteka, ezkutuko arrisku horren agerraldiek ekarri dizkiete gogora europarrei erlijio islamiarra baliatuta indarkeria makurrena baliatzeko prest dauden talde ezberdinen asmoak. Baina askoz gehiago izan dira kanpoan gertatu direnak, bertokoak baino. Iritzi publikoari ia oharkabean joan zaizkion arren, jatorri bereko taldeek ehun bat lagun hil zituzten Turkian urriaren 10ean eta beste 40tik gora Beiruten Pariskoen bezperan. Gainera, Egiptotik abiatzerakoan lehergailu batekin eroriarazitako hegazkin errusiarrean 224 izan ziren biktimak urriaren 31n. Ez da, beraz, Europako Batasunari bakarrik eragiten dion arazoa, izaera globalagoa eta konplexuagoa duena baino. Halakoxea izan beharko du erantzunak ere, arrunkeria orotik ahalik eta urrunenekoa.

Atentatuen egileak erlijio jakin baten izenean aritzeak ezin du horren aurkako iritzi olderik bultzatu. Daesh deritzan taldeak musulmandarrak hil ditu batik bat, bere muturreko jokabideekin bat ez datorren edonor baitu etsai. Mende asko atzeragoko ustezko gizarte eredu idealizatua berpiztu guran dabiltzanen eldarnioek ez dute bestelako bereizketarik egiten. Gizakiari balio oro ukatzen diote, eta zer esanik ez norbanakoen eskubideei. Alde horretatik, Frantziako Iraultzaren sasoiko Gizakiaren eta Herritarren Adierazpenaren eta horren ondorengoen ezin aurkakoagoak dira, oinarri – oinarrizko eskubideak txikitzeko prest baitaude. Gutxiengo etniko eta erlijiosoen aurkako jazarpen izugarria burutu dute menpeko hartutako lurraldeetan eta homosexualak, esaterako, teilatuetatik behera bultzatuta hil dituzte, emakumeen berezko eskubideak indarrez zapaltzen zituzten aldi berean. Jokabide horiek zehazten dute zer nolakoa den aurrean dagoena, eta ñabarduraz bete beharko lituzkete arazoaren jatorriari eta izaerari buruzko hausnarketak.

Badira, hala ere, gertatutakoen ostean ezinbestekoak diren ariketak. Horietako bat jatorri musulmandarreko komunitateen integrazio ereduarekin lotuta dago, nahitaez. Europaren bihotzean jaiotakoak Pariskoak eta antzekoak egiteko gai direnean, badago huts egiten ari den zerbait. Identitate mailan, hezkuntzarenean, lan aukerenean eta bestelako askotan. Horiei behingoz heltzea oso garrantzitsua da, getizazio prozesuak eragotzi eta elkar ezagutza eta espazio partekatuak indartzeko. Horrekin batera, egungo egoeran, komunitate musulmandarraren ahotsa da jazotakoen aurka ozenen entzun behar direnetakoa, deslegitimazio zereginean erabat beharrezkoak direlako, eta horrek, populismoen jomugan daudenez, hemengo gizartean dagokien lekuan kokatzen dituelako. Bertoko legediaren araberako elkarbizitza da ohikoena dagoeneko, eta hortik jo behar da aurrerakoan gero eta borondate sendoagoz.

Aldi berean, nazioartean luzaroan usteltzen utzitakoei konponbideak eman behar zaizkie, Irak, Siria eta Palestina bezalakoetan itxaropenari bidea zabaltzeko. Ezin da horien aurrean axolagabe jokatu edo barne zatiketak eta gatazkak xaxatzen etengabe jardun, bakearen aldeko eragiletzatik baino ez baitzaio eskualde horri egonkortasuna ahalbidetuko. Dena den, erantzun politikoak basapiztien antzeko jokabideak dituztenen aldarrikapenetatik bereiztu behar dira, horrelako loturek arazoa gaiztotu baizik ez dute egingo eta. Indarkeria gorriena besterik eskaintzen ez dutenekin zenbait herrialdek izandako harremanak argitzeak ere asko lagunduko luke, babesle izan dituztenak identifikatzeko.

Bitartean, segurtasunaren eta askatasunaren arteko oreka hauskorrean, bigarrena da galtzaile Batasunean aspalditik. Egia da edozein kaletan bat batean ehunka errugabe erail ditzaketenean ez dagoela besoak gurutzatuta geratzerik. Hala, hauteskunde orokorren bezperan, gertakizun odoltsuon berotan, jarrera irmoena erakusten duten alderdiek lor dezakete babes gehiago, agerikoenetaz baliatuta gibeleko hainbat ezkutatzen dituztenek. Beldurra eta ezinegona ulergarriak eta nekez saihesteko modukoak dira atentatuen egileen izugarrikeriak aintzat hartuta, baina Europako gizarteen oinarrizko ezaugarri direnetatik egin behar zaie aurre, horretantxe baitago, hain justu, bertokoaren indarra eta erasotzaileen porrotaren hazia.

Populistek eta demagogoek agerian utzi dituzte, dagoeneko, euren sasiargudio guztiak. Zibilizazioen arteko gatazka ei da oraingokoa, aniztasuna ezinezko egiten duena. Arazo konplexuei irtenbide arruntak bilatzeko tentazioak galbidera eraman ditzake gizarte osatuagoen aldeko hainbat ahalegin. Horregatik da premiazkoa politikatik horiek baztertzea, arazoei aurre eginez bizikidetza bultzatzea izan behar baita edozein alderdi arduratsuren betebehar nagusia. Baina hauteskunde kanpainak aproposak dira botoemaile askoren grinak pizteko, pedagogia egin beharrean gatazkaren dialektika baliatzeko.

Norbanako eta talde zehatzei dagokie azken atentatuen eta antzeko beste askoren erantzunkizun oso eta bakarra, eta horiei egin behar zaie aurre, ez jatorri edo erlijio batekoei edo bestekoei. Hain oinarrizkoa dena nabarmendu beharrak lotsa ere ematen du, hiritartasun kontzeptua horrelakoetan oinarritzen delako, nahiz eta asko diren egunotakoa itxuraldatu eta eurenerako baliatu gura dutenak. Gizakia oinarri hartzen duenetik heldu behar zaio arazo honi, Europa egituratu dutenetatik, bidezidorrik eta berehalako konponbiderik gabe. Egunotako galderetako askoren erantzuna Parisen bertan dago, 1789tik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)