Antzerkiz beteko da datorren asteburuan Zumaiako Aita Mari

Diario de noticias de Gipuzkoa, , 11-11-2015

UMAIA – Datorren asteburuan antzerkiaz gozatzeko aukera izango da Zumaiako Aita Mari antzokian, eta txikiek nahiz helduek izango dute horretarako parada. Batetik, Etxekoak izeneko antzezlana ikusteko aukera izango da ostiral gauean, 22.00etan, eta bestetik, New Orleansko Cyrano izeneko obra ikusi ahal izango dute zumaiar txikiek igande eguerdian, 12.00etan.

Artedramaren eskutik dator Etxekoak antzezlana, eta azaroaren 1ean Lapurdin estreinatu ondoren, Zumaiako Aita Marira iritsiko da Ander Lipusek zuzendutako obra hau. Jon Gerediagak idatzi du antzezlana, eta Kristiane Etxaluz, Javier Barandiaran, Maika Etxekopar eta Ander Lipus bera ikusi ahal izango dira taula gainean ostiral gau honetan. Lau aktore hauek Euskal Herriko edozein etxeetan gerta litekeen istorioa kontatuko dute, eta ostiral gaueko plan ederra izan daiteke Artedrama ekoiztetxeak proposatzen duena.

Obra berri hau zuzenean ikusteko aukera izango da, beraz, ostiral honetan, baina oraindik ere hainbat aukera izango dira antzezlan honetaz gozatu ahal izateko, obraren bira hasi bakarrik egin da eta. Gipuzkoako hainbat herritatik pasatuko da obra hau datozen hilabeteotan; hala nola, Donostia, Oñati, Hondarribia, Andoain, Eibar eta Tolosa. Zarau-tzera ere iritsiko da 2016ko maia-tzean.

Sarrerak Zumaiako turismo bulegoan eskura daitezke, bederatzi euroren truke. Bazkideek, aldiz, sei eurotan erosi ahal izango dituzte sarrerak. Eta igande honetan haurrentzako eta familia osoarentzako aukera bikaina iritsiko da New Orleansko Cyrano antzezlanarekin. Antzerkiaz eta musikaz gozatu ahal izango da zuzenean igande eguerdian, 12.00etan hain zuzen, eta ikuskizun honetarako ere dagoeneko sarrerak salgai daude. Kasu honetan, bazkide txikiek bi euroren truke erosi ahal izango dituzte sarrerak Zumaiako turismo bulegoan, eta bazkide ez direnek, berriz, hiru euro ordaindu beharko dituzte.

Ikuskizun hau Vaiven Produccionesek ekoiztutakoa da, eta XX. mendeko New Orleansen kokatu dute istorioa. Emozioz beteriko eszenak ikusi ahal izango dira, eta zuzeneko jazz erritmoko kantek jarriko diote erritmoa antzezlanari. Sei urtetik gorako haurrei zuzenduta dago obra, baina batez ere, familia osoarentzako ikuskizuna da, umorez betea, eta mezu argia eta baikorra dauka: “Bizitzan ausartu beharra dago”.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)