Lehen eta bigarren mailako iheslariak ez sortzeko eskatu du CEAR Euskadik
Kokatze programatik kanpo ere pertsonak heltzen ari direla oroitarazi dute. Bilbora iritsi direnen babes eskaera asteon egingo da
Berria, , 10-11-2015Siriako gatazkatik ihes egin duten pertsonen egoerak elkartasuna piztu du Euskal Herriko gizartean. Patricia Barcena CEAR Euskadiko zuzendariak eskertu du herritarren asmo ona, baina, aldi berean, hori «egoki» kudeatzeko eskatu du, lehen eta bigarren mailako errefuxiatuak sor ez daitezen. Hain zuzen ere, Europako Batasunaren kokatze programaren bidez hiru lagun heldu badira ere, urte hasieratik 90 pertsona baino gehiagok eskatu dute asiloa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Administrazioen zein herritarren elkartasuna errefuxiatu guztien beharrak asetzeko baliatzeko eskatu du CEAR Euskadiko zuzendariak. Azken hilabeteetan jaso dituzten eskaintza guztiak horretara bideratzen ari direla nabarmendu du, batzuen eta besteen arretan alderik gerta ez dadin. Bilbora heldu diren hiru errefuxiatuek «beste edozein iheslarik» egingo lukeen prozesu bera egingo dutela azaldu du Barcenak, hiru bereizgarrirekin: herritarren elkartasuna, hedabideen oihartzuna, eta, azkenik, instituzio publikoen babesa.
Europako Batasunaren programaren eskutik heldu diren eritrearrak CEAR Euskadiren baliabideekin hartuko dituztela gaineratu du. «Espainiako Enplegu Ministerioak zentralizatuta ditu libre dauden kokapenen errolda; errefuxiatuak heltzear zeudela bagenekienez, libre genituen lekuak eskaini genizkion». Barcenak azaldu du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskainitako pisuak erabiliko dituztela, baldin eta elkarteen berezko baliabideak beteta badaude, eta, betiere, dagokien alokairua ordainduta.
Babes eskaera
Barcenak erantsi du oraindik ezin izan dutela ikusi zein agiri dituzten herenegun Bilbora heldu ziren errefuxiatuek. Ordea, iragarri du aste honetan joango direla polizia etxera babes eskaera egiteko, zenbait zalantza dituzten arren. «Ez dugu zehaztu errefuxiatu estatutua eskatuko dugun, edota babes subsidiarioa; edonola ere, biek egoitza eta lanerako baimena aitortuko diete». Horrez gain, zehazteke dago babes eskaerak premiazko bidetik tramitatuko ote dituzten, edota ohiko bidetik. Horren arabera, hiru eta bederatzi hilabete arteko epean aitortuko diete babesa.
CEAR Euskadiko zuzendariaren iritziz, premiazko tramitazioa egingo diete, izapideen parte bat Lanpedusako identifikazio postuetan egin dutelako. Hain zuzen ere, Espainiako Barne Ministerioak ordezkaritza bat du postu horietan, tokiko gobernu, Europako Batasuneko Asilo Bulego, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatari eta Frontexekin batera. «Han erabakitzen dute nor datorren eta nor ez».
Alde horretatik, Barcenak argitu du errefuxiatuek borondatea agertu behar dutela herrialde zehatz batera joateko. «Oro har, esango nuke jendeak ez duela Espainiara joan nahi, baina jakinarazten zaie Espainiak aukera hori eskaini duela, beste herrialde batzuek ez bezala». Hori dela eta, baiezkoa ematen dutenek, nolabaiteko konpromisoa adierazten dute tokian bertan geratzeko.
(Puede haber caducado)