Tragikomedia
Berria, , 05-11-2015Asteartean Lesbosi buruz idatzi nuen hemen, esaldi pixka bat efektista honekin burutzen nuen zutabea: «Esfortzua egiten dut informatiboetan agertzean katez ez aldatzeko eta izen klasikoei tragedia berriak ez xixkatzeko». Atzokoan teleberriak hara eraman nau ostera, baina ez tragedia berririk ikusarazteko, tragikomedia zahar askoa baizik. Ez ninduen harritu beharko. Literatur generoen historiak erakusten duenez, tragediari tragikomediak darraio denboran. Lehenago edo beranduago behar zuen.
Profil altuko politikari batzuk, notiziari ahalik eta hauspo gehiena emateko, Atenasko aireportura gerturatu dira. Bertan egon da Tsipras anfitrioia; bertan, Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentea; bertan, Immigrazio kontuetarako europar komisarioa; Grezia utzi eta Europako beste herrialde batean, Luxenburgon, birkokatuko dituzten lehen hogeita hamar errefuxiatuei agur esateko. Berriz esanen dut, 30. Siriako gerratik ihesean Greziara iritsi direnen %0,00836 baino ez. Halere, gauza handi bat balitz bezala, agintari andana bertaratu da, portzentaje ikusgaitz bati muxu ematera kameren aurrean.
Prentsaurrekoa Lesbosko argazki erraldoi baten aurrean eman dute, elkartasun irudi ederrekoa, irrigarri utzita.
(Puede haber caducado)