ERREFUXIATUEN KRISIA. ITALIAKO EGOERA: SIZILIA

Klandestinitatearen gurpil eroa

Italian asiloa ukatzen dieten iheslariak babesgabe geratzen dira. Administrazioa ez da haietaz arduratzen, eta klandestinitatean bizitzea beste erremediorik ez dute, iparralderako bidaia jarraitzeko nahikoa dirurik ez dutelako. Trafikatzaileen sareetan erortzeko arrisku handia dute.

Berria, Adrian Garcia, Berriemaile berezia, 06-11-2015

Cataniara iritsi berria da Ogman. Urri hasieran lurreratu zen Sizilian, lau eguneko itsasoko bidaian Mediterraneoa zeharkatuta. Ganbiakoa da. 19 urte ditu. «Bizitza salbatzeko egin nuen ihes. Bidaia guztia borroka bat izan da». Nekatuta dago. Kezkatuta. Bigarren eguna du hiriburuko harreragune batean. «Paper bat eman digute. Zazpi egunen buruan alde egin behar dugu». Bost geratzen zaizkio. «Italian ez dut lagunik, ez familiarik. Dirurik ere ez dut». Harreragunean sartu aurretik kalean egin zuen lo. Kalera itzultzeko beldur da.

Beste bederatzi kiderekin batera Arci Catania gobernuz kanpoko erakundearen egoitzan sartu da Ogman. Afrikarrak dira denak, Ganbiakoak gehienak. Gineako eta Nigeriako bana lagun ere badaude. Egoera bertsuan denak. Abokatu batekin hitz egiteko hitzordua dute GKEren egoitzan. Haien eskubideak azaldu eta asiloa eskatzeko prozedurak aztertuko dituzte legelariarekin.

Margherita Draghettik lege aholkularitza eskaintzen die errefuxiatuei Arci Catanian. Ez ditu kasu asko esku artean, baina bakoitza oso luzea da, eta arreta handia eskatzen dio. Azken hilabeteetan lan gehiago izan duela onartu du. «Lan eta bizileku baimenez ez eze, esplotazio kasuez ere arduratzen gara. Egoera irregularrean eta baldintza penagarrietan lan egiten dute migratzaile askok».

Errefuxiatuen krisiak alarma gorria piztu du Italian, eta hainbat politikarik kanpotarrekiko diskurtso xenofoboa azaleratu dute. Europak neurriak hartu ditu krisia kudeatzeko, berandu bada ere. Baina adabaki bat besterik ez du ipini; batetik, kuota sistema proposatu du, 160.000 lagun 28 herrialdetan banatzeko. Baina askoz ere gehiago dira Europara jotzen dutenak babes eske. Haatik, horiei ateak itxiko dizkie Bruselak: asilo estatusa ukatzen dietenen deportazio prozedurak azkartuko ditu.

«Giroa zakartuta dago, eta Italiako Gobernuak ere erakutsi nahi du baimenik ez dutenak kanporatuko dituela», azaldu du Draghettik. Asilo estatusa edo herrialdean baimena lortzen ez dutenek, hiru egunen buruan herrialde uzteko agindua jaso ohi dute. «Paper bat da agindua. Baina inork ez die mugaraino laguntzen». Klandestinitatearen gurpil eroan sartzen dira orduan. Ofizialki errefuxiatuak izateari utzi diote, estatus hori ukatu baitie administrazioak.

Baina ezin dira etxera itzuli; jazarpenetik eta miseriatik ihes egiteko abiatu dute askok bidaia luzea, eta, Europa zapaltzeko helburua lortu dutenean, ez dute atzera egingo. Italian irregular gisara bizirik irautea beste irtenbiderik ez dute. «Ez dute paperik, ez etxerik. Ezin dituzte zentroetan hartu, eta, legez, ez dute lana egiteko eskubiderik». Trafikatzaileen sareetan erortzen dira horietako asko.

Italian geratzeko baimenik ez duten iheslariei laguntzeko sare «ez-ofizial» bat eratu dute erakunde erlijiosoek eta GKE batzuek. Haien jarduna, ordea, ez da guztiz legezkoa. Draghettiren arabera, herrialdean geratzeko baimenik ez dutenei legez ezin zaie laguntzarik eskaini. Halere, Poliziak ez ikusiarena egin ohi du. «Funtsean, estatua konpontzeko gai ez den arazo bati heltzen diotelako».

Cataniako meskitara jotzen dute errefuxiatu askok aterpe bila. Ekialde Hurbiletik eta Afrika iparraldetik iritsitakoen ohiko elkargunea da. 500 bat lagun elkartu ohi dira ostiraleko errezoetarako, eta plaza jendez betetzen da. Ez alferrik, Italia hegoaldeko meskitarik handiena da. Beste erakunde erlijiosoen antzera, oinarrizko laguntza eskaintzen lehengotarikoak izan dira.

Orain hiru urte eraiki zuten, arabiar matxinadak hasiak zirela. Jangela izan behar zuena aterpegune bihurtu zuten, non lo egin ez zuten errefuxiatuei ostatu emateko. Ahmed Elgammalen arabera, eraiki bezain laster hasi ziren iheslariak hartzen. Meskitako boluntarioa da bera. «Kalean eta tren geltokian lo egiten dute, eta gaizki tratatzen dituzte. Guk hona ekartzen ditugu». Musulman komunitatean bildutako arropa, janari eta beste oinarrizko produktuak eskaintzen dizkiete. «Azkenerako hitza zabaldu da, eta zuzenean hona etortzen dira laguntza eske», adierazi du Elgammalek. Palestinar, siriar eta egiptoar familiak dira babes eske gehien etorri direnak. Halere, meskitako boluntarioak argi utzi du ez dituztela errefuxiatuak babesten erlijioaren arabera. «Mundu guztiari irekita dago meskita».

Baina gero eta zailtasun gehiago dituzte aterpe emateko. «Ofizialki ez da aterpe gune bat, eta ez da legezkoa ostatu ematea». Ulergaitza deritzo Elgammalek Italiako Gobernuaren jarrerari. «Berdin hartzen ditugu, ezkutuan».

Samir al-Maniren kasua oso bestelakoa da. Etorkina da bera, baina bide arautuetatik barna iritsi zen Europara: hegazkinez eta pasaportea eskuetan. Siriako gerratik ihes egin zuen, baina, haren emaztea siziliarra denez, orain lau urte Italiako herritartasuna eskuratu zuen. «Siria eta Sizilia oso antzekoak dira. Jendea oso irekia da, eta harremanak oso gertukoak dira». Ia bost urte eman ditu deserrian, eta onartu du zenbaitetan erroak galtzeko beldurrak hartzen duela. «Batzuetan ohartzen naiz beste arabiarrekin ere italieraz hitz egiten dudala».

Gurasoak Damaskon ditu. «Gustatuko litzaidake hona ekartzea, baina ezinezkoa da. Bidaia oso arriskutsua da, eta bisarekin ez bada, ez dira etorriko». Legez, ez du familia Italiara ekartzeko eskubiderik, italiarra delako berez, eta ez duelako errefuxiatu estatusik.

Italieraren langa

Behin premiazko beharrei helduta, eta asiloa eskatzeko prozesua martxan dutela, gizartean integratzea dute erronka nagusia iheslariek. Oztopoz betetako bidea da. Hizkuntza da lehen horma. San Berillo auzo historikoan Casa di Quartiere elkartean jasotzen dituzte lehen eskolak, doan. Flavia Caruso aritzen da irakasle lanetan, ikasketak eta beste lanek uzten dioten denbora librean. «Ez dira eskola formalak. Haien beharren arabera goaz gaiak aldatzen». Oso bestelakoa da irakaslearen rola eskola horietan. «Parte hartzaileak dira, ez dago desberdintasunik ikasleen eta irakasleen artean».

Hizkuntza eskola soila baino gehiago eskaintzen diete. Haien eskubideei buruz eta Italiako kultura eta ohiturei buruz jakinarazten diete. «Nola mugi daitezken erakusten diegu. Merkatuan nola erosi. Gauza sinpleak dira, baina hasieran oso zaila zaie». Astean bitan izaten dituzte eskolak. «Kalean praktikatu behar dute gero».

Integratzeko zailtasunak dituzte zenbaitetan. «Haien komunitateekin biltzen dira, eta getthoak sortzeko arriskua dago». Horregatik, berebizikoa deritzote hizkuntzaren langa gainditzeari. «Hori lortzean errazagoa zaie».

Esku artean beste proiektu bat dute. Emakumeen beharrak zeintzuk diren jakin nahi dute. Izan ere, Indiako, Bangladesheko eta Asiako beste herrialdeetako emakumeekin badute harremana. «Baina Nigeria eta Afrikako beste emakumeek ez dute gugana jotzen». Jakitun dira zenbaitetan handia izan daitekeela jauzi kulturala. «Batzuek hasieran onartu beharra dute emakume batek irakats diezaiekeela».

Europako sarbidea

Mediterraneoko bidea hartzen duten errefuxiatu askoren Europako lehen irudia izan ohi da Cataniako portua. Larrialdi zerbitzuek Sizilia inguruan nora ezean doazen ontziak erreskatatzen dituztenean, portura eraman ohi dituzte. Irlandako itsas armadako Samuel Becket gerra ontzia portuan dago. Adams marinelak atseden hartu du lurrean. «Hamar egun eman behar ditugu Catanian, gero beste herrialde bateko ontzi batek ordezkatuko gaitu».

Frontex erakundearen zeregina EB Europako Batasuneko mugak zaintzea da, baina itsasoan galduta dauden ontziak ere erreskatatzen dituzte. Libiako kostatik gertu iristen dira. «50 itsas milia arte barneratzen gara », esan du Adamsek. 102 lagun zeramatzan ontzia erreskatatu dute goizean.

Massimok eta Christianek portuan egiten dute lan: Irlandako gerraontzia erregaiaz hornitzen dute ontzi txiki batekin. Goizean ikusi dute errefuxiatuz betetako ontzia portura ailegatzen. «Jendez bete da portua. Gurutze Gorria, Polizia…». Gunea hesitu dute, eta lehorreratuko bakoitzari argazkia atera eta eskumuturreko bat jarri diete. Autobusetan eraman dituzte gero. «Askotan ikus ditzakezu horrelakoak hemen», dio Massimok.

Portuko bi langileek migrazioarekiko kezka handia dute. «Laster %50 eta %50 izango gara». Ez dira Catanian horrela pentsatzen duten bakarrak, ekonomiaren txartzeak atzerritarrekiko pertzepzioari kalte egin baitio. Halere, errefuxiatuen sufrikarioa barneratzen dute. «Sufritzen daude, ezin ditugu hemendik kanporatu. Baina hemen ez dago lanik», adierazi du Francesca Santarellik. Lau seme-alaba ditu, eta etxean egiten du lan. «Enpresariak migratzaileen beharraz aprobetxatzen dira, eta soldata baxuagoak ordaintzen dizkiete». Ezkorra da Santarelli. «Errealista naiz. Egoerak okerrera egingo du». Errefuxiatuen harreraguneekin lotutako ustelkeria sareak ez du herritarren ikuspegia hobetzen lagundu. Atzo bertan Mafia Capitale-ren aurkako auzia hasi zuten, besteak beste, harreraguneen kudeaketa ustelaren salaketak argitzeko.

Kanpotarrekiko pertzepzio kaskarraren errudun dira hedabideak eta politikariak, Nino Cristofagoren esanetan. LILA Catania GKEko presidenteorde da. «Boto gutxi batzuk lortzeko diskurtso baztertzaileari ekiten diote. Italiarrak nahasten dituzte, eta askok uste dute kanpotarrek diru publikoa xahutzen dutela». Ihesak infektatutakoen aldeko lana egiten du LILAk, baina migratzaileekin ere lan egiten dute. «Ihesak kutsatutakoek eta migratzaileek gizartetik baztertuak geratzeko arriskua dute». Cristofagok ez du uste azken boladan migratzaileen etorria handitu denik. «Uharte hau beti izan da migrazioaren bidegurutze bat. Siziliarrek ere Ameriketara migratu zuten orain ez urte asko».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)