Batasun itxura erantzunik ezari

Balkanetako herrialdeetan 100.000 iheslarirentzako harreraguneak eraikiko dituzte

Berria, Adrian Garcia, 28-10-2015

Pauso bat atzetik doa Europa. Dozena bat herrialdetako agintariak herenegun gauean bildu ziren Balkanetako bidea hartu duten errefuxiatuen egoerari erantzun bateratu bat emateko. Izan ere, orain arte herrialde bakoitzak bere kasa hartu ditu erabakiak, eta agerian geratu da, berriz ere, EB Europako Batasunak krisiari emandako erantzun motela. Tirabira ugariren ostean, gutxieneko akordio bat erdietsi dute, eta hamazazpi puntuko itun bat adostu dute: iheslariak hartzeko gaitasuna handituko du Europak, eta Grezian eta Balkanetako beste herrialdeetan 100.000 asilo eskatzaile jasotzeko guneak eraikiko dituzte.

Agintarien arteko ika-mikek nabarmendu dute Europak bat egiteko dituen zailtasunak. EBko hamar kidek —Alemaniak, Austriak, Hungariak, Greziak, Esloveniak, Kroaziak, Bulgariak, Errumaniak, Herbehereek eta Luxenburgok— eta Mazedoniak, Serbiak eta Albaniak hartu dute parte bilkuran.

Europara babes eske iristen diren milaka eta milaka iheslarientzako giza laguntza zabalduko dute. Grezia 50.000 laguni ostatu emateko prestatuko da. Urte bukaera arte 30.000 lagun hartzeko azpiegitura prestatuko du, eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren eta beste herrialdeen laguntza jasoko du beste 20.000 hartzeko. Gainerako 50.000 lagunentzat, kanpalekuak altxako dituzte Balkanetako ibilbideko herrialdeetan.

Dena den, Atenasek EBren finantzaketarekin lotu du harrera zentro horien eraikuntza. Yanis Muzalas Migrazio ministroaren hitzetan, «ez da errealista» urte amaierarako 30.000 lagunentzako kanpalekuak altxatzea Europako Batzordeak ekarpenik egin ezean. Gobernuko bozeramaile Olga Yerovasiliren arabera, «gainerako herrialdeek konpromisoak betetzen dituzten neurrian» beteko ditu bereak Greziak. Europako Batzordeak atzo jakinarazi zuenez, 5,9 milioi euro eman dizkio Atenasi Egeo itsasoko uharteetara iritsi diren iheslarien larrialdia kudeatzeko.

«Gutxienez ziurtatu behar dugu errefuxiatuen Europarako mugimendua ez dela egoera kaotiko batean egingo, eta pertsona horiek duintasunez mugitu ahalko direla, bizitza arriskuan jarri gabe», ohartarazi du bilkuran UNHCRko goi mandatari Antonio Guterresek.

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak helburu finko batekin deitu du bilkurara: herrialde bakoitzak alde bakarreko erabakiak hartzea eragozteko. Izan ere, herrialde batzuek muga ixteko harturiko erabakiak —Hungariak, esaterako— iheslarien ibilbidea moldarazi du, eta beste herrialde batzuetan eragin du. Era berean, herrialde guztiek onartu dute Europako babes zibileko mekanismoa abiatzea, behar izanez gero.

Kroaziak martxan jarria du mekanismo hori, eta materiala eskatu dio EBri. Negurako kanpalekuak, oheak, koltxoiak eta arreta medikoa eskaintzeko ekipamenduak eskatu ditu Zagrebek.

NBEk egindako giza eskubideen urraketen salaketen harira, Junckerrek ziurtatu du errefuxiatuak «gizatasunez» tratatuak izango direla. Bilkurako parte hartzaile guztiak konprometitu dira asilo eskatzaileei behin-behinean aterpea eta janaria emateko eta arreta medikoa eskaintzeko.

Mugak estutu

Mugen kontrolari dagokionez, Schengen eremua indartu nahi du Bruselak, eta 400 mugazain bidaliko ditu Eslovenia eta Kroaziaren arteko mugaldera —EBko kide dira biak, baina Kroazia Schengenetik kanpo dago—.

Balkanetako bilkuran ez dira EBko kide guztiak egon, eta, horrenbestez, ez dituzte hartu batasun osoari eragiten dion neurririk. Edonola ere, begi bistakoak egin dira herrialdeen arteko desberdintasunak. Balkanetako herrialde gehienek Greziari leporatu diote errefuxiatuak «behar bezala» ez erregistratzea eta iparraldeko herrialdeetarako atea zabaltzea. Haatik, Atenasek Ankara jo du «arazo guztien» errudun. «Denok dakigu korridorearen amaieran sarrera bat dagoela, eta, herrialde horrekin ados jarri ezean, ez da konponbiderik egongo», adierazi du Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)