Errefuxiatuentzako lekuak 100.000ra zabaltzea adostu dute EBk eta Balkanetako estatuek

Aterpetxeak zabalduko ditu Nazio Batuen Erakundeak errefuxiatuak igarotzen diren estatuetan.

Berria, , 27-10-2015

Bilera egin zuten igandean Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrek eta Alemania, Austria, Hungaria, Grezia, Eslovenia, Kroazia, Bulgaria, Errumania, Mazedonia, Serbia, Albania, Luxenburgo eta Herbehereetako buruzagi politikoek, estatu horietako gobernuek beren kabuz errefuxiatuen inguruko neurriak har ditzaten saihestu eta zenbait urrats adosteko.
Hamazazpi puntuko plan bat hitzartu zuten, eta puntu horietako bat da Grezian eta mendebaldeko Balkanetan 100.000 errefuxiatu hartzeko lekuak prestatzea. Junckerrek azaldu zuen Greziak urte amaierarako 30.000 leku gehiago sortzeko konpromisoa hartu duela, eta beste 20.000 UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bidez sortuko dituztela.

Bestalde, astebeteko epean Eslovenia eta Kroazia arteko mugan 400 polizia zabaltzea adostu dute; izan ere, 60.000 pertsona igaro dira muga horretatik azken hamar egunetan.

“Leku berriekin, abia daitezke birkokatzeko mekanismoak. Pauso kualitatibo garrantzitsua da EBn kargen banaketarako eta kudeaketa ordenaturako”, adierazi zuen Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Akordioak akordio, aurpegiratze ugari ere izan ziren bileran: gehienek Grezia erantzuletzat jo zuten, Turkiatik bertara heltzen direnak behar bezala erregistratzen ari ez delakoan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)