Denok bizilagun mahai baten bueltan

Laugarren urtez egingo da azaroaren 22an bertako eta kanpotik etorritako familiak bazkalorduan bilduko dituen ekimena

Diario Vasco, m.i., 26-10-2015

Laugarren urtez, Bizilagunak ekimena antolatu du SOS Arrazakeriak zenbait udal eta elkartererekin lankidetzan azaroaren 22rako. Aurkezpena Donostiako Udalean egin dute SOS Arrazakeriako ordezkari Taranak eta Silvana Lucianok eta Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanek. «Ekimen sinple eta konkretu honek aurreko hiru edizioetan ongi erakutsi du modu eraginkorra dela pertsonak hurbildu eta ezezaguna zaigunari buruzko aurreiritzi eta estereotipoak apurtzeko. Maiz ezezagunak zaizkigun eta bizi garen gizartea osatzen eta aberasten laguntzen diguten atzerritarrei buruzko uste okerrak edo mugatuak desegiteko aukera aparta da Bizilagunak», adierazi dute.

Eta benetan da sinplea. Hain zuzen ere, aurretik izena eman eta igande horretan, bazkalorduan, Euskal Herriko hainbat etxek ateak zabaldu eta harrera egingo diete, mahaiaren bueltan, Bizilagunei, «bertako nahiz lurralde hau bizitzeko aukeratu dutenei».

Ekimena da, «atzerritarrentzako, bertakoengana hurbiltzeko parada». Bertakoentzat, berriz, aurreiritzi guztien gainetik beste lurralde batzuetatik etorritakoak, haien kulturak eta haien ohiturak ezagutzeko aukera, «hori baita Bizilagunak, elkarrekiko errespetua eta ezagutza, elkarren ondoan baino, elkarrekin bizitzeko asmoa». Azpimarratu dute aurten, «gatazka eta gaizki kudeaturiko mugek eragiten duten dramaren aurrean», bereziki garrantzitsua omen da «Euskal Herria helmuga baino,harrera lurraldea dela» aldarrikatzea.

Izena ematea, nahikoa

Honezkero udal eta elkarte askok egin dute bat ekimenarekin: Donostiak, Errenteriak, Hernanik, Tolosak, Irunek, Eibarrek, Pasaiak, Arrasatek, Getxok, Barakaldok, Basaurik, Gasteizek… Edonola ere, zerrendak handitzen jarraitzen du, eta parte hartu nahi dutenek ere zabalik dute izena emateko epea. Horretarako, sosracismobizilagunak@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzea nahikoa da. Gonbidatu edo gonbidatzaile moduan har daiteke parte, eta dinamizatzaile bezala ere badago parte hartzeko aukera. Dizamizatzaileek, alegia, antolaketan ere parte hartzen dute, familiak aurkeztu eta bazkal egunean, beharko balitz, giroa gozatzen lagunduz.

Edonork har dezake ekimenean parte, «jakingura, beste pertsona kultura edo errealitateak ezagutzeko nahia duen edonork», izan familia edo adiskide gisara bizitza partekatzen duten pertsonak.

Iaz, mila lagunetik gora izan ziren Bizilagunak EAEn. Aurten, egun berean, azaroak 22, Txekia eta Portugalen ere Bizilagunakekin bat egingo dute hainbat etxetan. Eta urtero bezala, Bizilagun denak datorren abenduaren 5ean Donostiako Victoria Eugenia antzokian Gipuzkoa Solidarioa ospatzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)