Zipreko baseko errefuxiatuak, Londresen ardura
Berria, , 23-10-2015UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak kargu hartu dio Erresuma Batuari, eta adierazi dio legez behartuta dagoela Zipreko base militarrera iritsitako iheslariak hartzera. Akrotiri base militarra 1950. urtean eraiki zuen Erresuma Batuak. 1960. urtera arte izan zen uhartea Londresen menpeko kolonia, baina aurrerantzean base militarraren gaineko subiranotasunari eutsi dio.
Akrotiri basera heldu zen herenegun ontzi bat Siriatik, 114 errefuxiaturekin —horietatik 28 adingabeak dira—. Siriako Tartus portua 150 miliatara dago.
Erresuma Batuko Defentsa ministroak, hasieran, Zipreri egotzi zion iheslarien ardura. Baina UNHCRk gezurtatu egin du Londres. 2003ko bi herrialdeen arteko memorandumaren arabera, zuzenean «base subiranora» iritsitako errefuxiatuen ardura du Erresuma Batuak.
Behin-behineko harrera zentro batera lekualdatu dituzte iheslariak, base militarraren barruan. Baina aurrekariak ez dituzte aldeko. Aurretik beste 67 lagun iritsi dira basera, eta linbo juridiko batean galduta daude; asilo eskaera ukatu die Erresuma Batuak. Londresek krisiarekiko hartutako jarrera epela agerian geratu da beste behin. Erresuma Batua ez dago behartuta EBren Barne eta Justizia alorretako irizpideak jarraitzera, eta kuoten sistemaz salbuetsita dago.
Dena den, bost urtean 20.000 asilatu hartzeko prest agertu da David Cameron lehen ministroa. Alemaniak 40.000 eta Frantziak 30.000tik gora hartuko dituzte bi urtean.
(Puede haber caducado)