Txekiak «sistematikoki» urratzen ditu iheslarien giza eskubideak

NBEk gogor kritikatu du Txekiako Gobernuak errefuxiatuekin darabiltzan politika zigortzaileak: herrialdean baimenik gabe sartzeagatik, 90 egun arte atxilotu ditzakete eta tratu txarrak jasan

Berria, Adrian Garcia, 23-10-2015

Itxaronaldi amaigabeei, muga itxiei eta eguraldi kaskarrari aurre egin ez eze, errefuxiatuek Europako herrialdetako segurtasun indarren tratu txarrak ere sufritzen dituzte. Txekia da herrialde horietako bat. NBEren arabera, errefuxiatuen eta migratzaileen giza eskubideak «sistematikoki» urratzen ditu. Txekiako Poliziaren partetik tratu «apalgarria» sufritzen dute horiek, eta 40 eta 90 egunen artean atxilotzen dituzte. Biluzarazi eta arropak miatzen dizkiete, dirua konfiskatzeko. Hori gutxi ez, eta haien borondatearen aurka atxiloaldian dauden egun bakoitzeko 250 koroa txekiar —ia bederatzi euro— ordainarazten dizkiete. NBEko Giza Eskubideen Goi Mandatari Zeid Ra’ad al-Husseinek gogor kritikatu ditu Txekiako Gobernuak giza krisia kudeatzeko hartutako jarrera zigortzaileak. NBEko arduradunak salatu duenez, argia da Pragaren helburua: «Giza eskubideen urraketak ez dira kasu bakanak. Migratzaileak eta errefuxiatuak herrialdean sartu eta geratu daitezen galarazteko praktika sistematikoak dira».

EB Europa Batasuneko kide askok lege murriztaileak onartu dituzte errefuxiatuen ibilbidea ahalik eta gehien oztopatzeko. Baina denetan Txekiak hartu du jarrera errepresiboena. NBEk ohartarazi duenez, nazioarteko legeak argi zehazten du migratzaileak soilik «beste aukerarik egon ezean» atxilotu daitezkeela. Horrez gain, NBEko Haurren Eskubideen Konbentzioa urratu du Txekiak. «Haurrak soilik migratzaileak direlako atxilotzea lege urraketa bat da eta ez da justifikagarria», salatu du Al-Husseinek.

Txekiak atxilotuei eskainitako legezko babesa eskasa da oso. Izan ere, helegitea jarri duten guztiak askatu beste erremediorik ez dute izan epaileek. Baina errefuxiatu gehienek ez dituzte eskura atxiloaldia auzitan jartzeko tresnak, ez baitute nahikoa informaziorik jasotzen. Gizarte zibileko erakundeen babesa jaso ezinik daude, gainera, atxiloketa guneetarako sarrera debekatzen baitiete.

Harrera eremuen baldintzen inguruko kezka plazaratu du NBEko giza eskubideen arduradunak, batez ere Bila-Jezova kanpalekuari buruzkoa. Pragatik 80 kilometro iparraldera dago. Robert Pelikan Txekiako Justizia ministroaren hitzetan, «kartzela bat baino okerragoa da». Ministroak berak auzitan jarri du herrialdeko atxiloketa politika: «Urraketa administratiboa besterik ez dute egin migratzaileek. Ez lituzkete 90 egunez giltzapetu behar».

Txekiako arartekoaren txostena ekarri du gogora Al-Husseinek. Anna Sabatovak Bila-Jezovan atxikita dituzten haurren gurasoekin hitz egin du, eta giza eskubideen urraketen zerrenda luzea argitaratu du. Kanpalekuko haurrengan trauma eragin dezake atxiloaldiak; batetik, errefuxiatuek tratu txarrak jasotzen dituztelako seme-alaben aurrean; bestetik, armez jositako segurtasun indarren presentzia handia delako kanpalekuan.

Errefuxiatuen aurka hartutako neurriak ez ezik, Al-Husseinek arbuiatu egin du oro har Txekiako politikarien hizkera xenofoboa, baina batez ere Milos Zeman Txekiako presidentearena. Txekiako Gobernuak, ordea, gezurtatu egin du errefuxiatuen eskubideak urratu izana. Zemanen bozeramaileak errefuxiatuen krisia eta muturreko islamisten mehatxua lotu ditu defendatzeko: «Presidenteak muturreko islamismoari buruz ohartarazi du aspaldi. Bere iritziari eutsiko dio, kanpo eraginak gorabehera».

Europa ekialdeko herrialdeek, Errumaniak, Esloveniak eta Hungariak, errefuxiatuekiko jarrera oldarkorrena erakutsi dute. EBk proposatutako betebeharreko kuotak baztertu dituzte, nahiz eta proportzioan mendebaldeko herrialdeak baino gutxiago jaso behar izan. Viktor Orban Hungariako lehen ministroak Txekiako agintariaren alde egin du: «Demokraziak ezegonkortzen ditu errefuxiatuen etorrera mugagabeak». Hungariak ere lege zigortzaileak onartu ditu, eta muga guztiz itxi zuen larunbatean.

Hain zuzen ere, Hungariaren erabakiak iheslarien ibilbidea aldarazi du, eta Esloveniatik barrena hasi dira Europako herrialde aberatsenetarako bidea hartzen. STA Esloveniako albiste agentziaren arabera, 40.000 bat lagun iritsi dira herrialdera asteburuaz geroztik. Armada hedatu du gobernuak mugaldean, eta onartu du erretiroa hartutako poliziak kontratatzea.

Neguaren beldur

Krisia dela eta, EBko herrialdeen arteko harremanak korapilatu dira. Esloveniak Austriari leporatu dio errefuxiatu gehiago hartzeari uko egitea. Izan ere, Vienak mugan kontrolak zorroztu ditu. MSF Mugarik Gabeko Medikuek alarma gorriak piztu dituzte. Europa erdialdean trabatuta daudenen baldintzak okertu egingo dira negua iritsi ahala.

Bestelakoa dira Suediak krisia kudeatzeko hartutako irizpideak. Biztanle bakoitzeko asilo eskatzaile gehien hartu zituen herrialdea izan zen iaz, eta aurten errefuxiatu gehiago hartzeko prest agertu da. Orain hiru hilabeteetako aurreikuspenak bikoiztu ditu Stockholmek: aurten 140.000 eta 190.000 lagun artean hartu ditzake. Migrazioen Zuzendaritza Orokorreko arduradun Anders Danielssonek azaldu du erabakia: «Errefuxiatuen egungo egoera orain arte inoiz ikusi gabea da».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)