Mugak kontrolatzeko eskumena armadari eman dio Esloveniako Parlamentuak

Poliziarekin batera, Kroaziatik datozen iheslarien uholdeari egingo dio aurre. Egunean 2.500 errefuxiatu baino gehiago ezin dituela hartu esan du Ljubljanak.

Berria, , 21-10-2015

Esloveniako armadaren ibilgailuak eta soldaduak jada barreiatu dira Kroaziarekin muga egin duten 670 kilometroetan barrena. Hiru hilabetez, muga kontrolatzeko eskumenak izango ditu armadak. Bart hartu du erabakia Esloveniako Parlamentuak, aldeko 66 botorekin eta kontrako bostekin.
Neurri horrekin, Esloveniako Poliziak armada izango du alboan egunero Kroaziatik herrialdera sartu nahi duten errefuxiatuen uholdea kontrolatzeko. Izan ere, Esloveniako Gobernuak adierazi du egunean ezin dituela 2.500 iheslari baino gehiago hartu. Beraz, gehiago sar ez daitezen arduratuko dira.

Esloveniako lehen ministro Miro Cerarrek Kroaziaren jarrera kritikatu du, bere esanetan errefuxiatuen auziari buruz ez baitie elkarlanerako deiei jaramonik egin.

Joan den astean Hungariak Kroaziarekiko mugak itxiz geroztik, Asiako eta Afrikako gatazketatik —gehienbat Siriatik— ihesi doazen errefuxiatuek Esloveniara aldatu dute EB Europako Batasuneko herrialde aberatsenetara ailegatzeko asmoz egiten ari diren ibilbidea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)