Inoreza eta presa
Berria, , 20-10-2015Azaroaren 14an beteko dira 28 urte Turkiak Europako Batasunean sartzea eskatu zuela. Sos, boz eta komisario asko egin dira ordutik; Europako klubak ezarritako baldintzak bete ezinean aritu da Ankara. Behinolako kolonietatik ihesi eta etenik gabe datozen dozenaka mila pertsonen jarioa eteteko presa bihurtzeko aukera eman dioten arte. Kurduen —eta indar aurrerakoien— aurka gerra betean dagoenean, 3.000 milioi euro agindu dizkio EBk Recep Tayyip Erdogani; klubeko kide izateko txartela eskaini dio Angela Merkelek. Milaka pertsona daude Balkanetan, Mediterraneoan, Inorezean. Presa dauka EBk hesiak eraikitzen, eta xenofobia maila gora egiten ari da haren barnean: asilo eskatutakoen 200dik gora guneri eraso die eskuin muturrak Merkelen Alemanian; Suedian hiru errefuxiatu guneri eman diete su azken sei egunetan.
Presa dauka Erdoganek Europako presa bihurtzen. Presa dauka ekainaren 7an ezkerreko kurduen bozengatik galdu zuen gehiengo osoa azaroaren 1ean eskuratzen. Oinarrizko eskubideen urraketak ez dira hain larriak orain; diktadore traza hartzen hasia zena lagun interesgarri bilakatu da bat-batean. Ehundik gora akademiko eta unibertsitate irakaslek hala aurpegiratu zioten Merkeli herenegun, Turkiara joan zen egun berean: «EBren balio garrantzitsuenak urratzen dituzten politikarien aldeko kanpainatzat har daiteke zure bisita». Argiago ezin da esan.
(Puede haber caducado)