Aterian gelditzeko arriskuan
Hungariak mugak itxi ondoren, milaka errefuxiatu blokeatuta daude Balkanetako herrialdeen mugetan, azpiegitura eskasarekin, ibilbidean dauden herrialde guztien koordinazio faltagatik
Berria, , 20-10-2015Hungariak duela hiru egun itxi zuen Kroaziako muga hesi baten bidez, eta milaka errefuxiatuk bidea Esloveniarantz desbideratu dute. Esloveniak, ordea, Kroaziatik egunean gehienez 2.500 hartzeko kuota ezarri du, eta adierazi du Austriak onartutako kopuruen arabera utziko diela pasatzen Kroazian daudenei. Europako herrialdeek iparraldetik hegoaldera bideratu dute errefuxiatuei pasatzen uzteko ardura, eta milaka harrapatuta daude Balkanetako herrialdeen mugetan, azpiegitura eskasarekin, euripean eta udazkeneko eguraldia hozten hasi den honetan.
Iparraldetik hegoaldera, Austriaren eta Esloveniaren arteko muga, Esloveniaren eta Kroaziaren artekoa, eta Kroaziaren eta Serbiaren artekoa dira orain arreta gune nagusiak. «Ezin ditugu hartu Austria pasatzen uzteko prest dagoen baino errefuxiatu gehiago», adierazi du Borut Pahor Esloveniako presidenteak, STA agentziaren arabera. Esloveniak poliziak eta soldaduak hedatu ditu Kroaziako mugan, eta kontrol zorrotzarekin utzi die sartzen errefuxiatuei. Iragan asteburuan Miro Cerar lehen ministroak ohartarazi zuen Austriaren eta Alemaniaren jarreraren arabera «domino efektu bat» sortuko zela errefuxiatuen ibilbidean dauden herrialdeen artean, eta Cerarren solasak bete egin dira oraingoz. Atzo arratsaldean, adibidez, Esloveniak Sredisce ob Draviko muga pasalekua (ipar-ekialdean) ireki zuen soilik 300 errefuxiatu hartzeko Kroaziatik, eta jarraian berehala itxi zuen berriz, Kroaziako hedabideen arabera. AP agentziaren arabera, berriz, 1.300 jaso zituen tren batean, eta Poliziak erregistratu ondotik utzi zien Eslovenian sartzen. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramailearen arabera, horren ondotik Kroaziak Serbiarekiko muga ireki zuen Bapskan, eta milaka laguni utzi zien sartzen. «Inolako iragarpenik gabe ireki dituzte mugak, eta, hori egitean, denek berehalakoan gurutzatu dute», adierazi dio Melita Sunjic UNHCRen bozeramaileak hedabideei Serbiako Berkasovo herritik, Kroaziako mugan. Muga ireki aitzinetik, Sunjicek Erresuma Batuko BBC kateari salatu zion errefuxiatuek Berkasovon zuten egoera. «Hau ez da jendea edukitzeko toki bat. Lohi artean zutik egon bertze gauzarik ezin dezakete egin. Bertze irtenbide bat topatu beharra dugu». Sunjicek erran du mugak ireki zituztenean 2.000-3.000 errefuxiatu artean zeudela Berkasovon. Serbiak bataz bertze 8.000 inguru jasotzen ditu egunero Mazedoniatik.
Hain zuzen, jada Kroaziak atzo arratsaldean Serbiarekiko muga ireki aitzinetik, Esloveniaren eta Kroaziaren artean tentsio diplomatikoa piztua zegoen, Ljubljanak Zagrebi leporatu baitzion Esloveniak ezarritako erritmoa ez errespetatzea. «Kroaziako Errepublika ez da ari kasurik egiten gure eskaera bakar bati ere», kexatu zen Bostjan Sefic Esloveniako Barne Ministerioko bozeramailea. «Hori ezin da onartu. Ezin diegu guk bakarrik aurre egin migratzaileen ailegatzeei». Ranko Ostojic Kroaziako barne ministroa kexatu da, baina, Esloveniak «aldatu» egiten duela hartzeko prest dagoen errefuxiatu kopurua.
Hungariak muga itxi ondoren desbideratu dute errefuxiatuek ohiko ibilbidea. «Hungariako Gobernuaren erabakia irmoa da. Neurri horiek mantenduko dira behar adina denboran», ohartarazi zuen atzo Zoltan Kovacs gobernuko bozeramaileak. Balkanak igaro ondoren Hungariatik sartzen ziren errefuxiatuak zirkulazio askeko Schengen eremuan, Europa iparraldeko herrialde aberatsetara ailegatzeko bidean. Ibilbidea desbideratuta, Eslovenia da Schengen eremuko sarrera.
Arreta, Turkian
EB Europako Batasuneko herrialdeen arteko akordio baten faltan errefuxiatuei laguntzeko, Bruselak ahaleginak zentratu ditu Turkiarekiko akordioan, herrialde horrek oztopa dezan bertan dauden errefuxiatuek Europara bidaiatzea. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak herenegun bidaiatu zuen Istanbulera, Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroarekin elkartzeko. Bertan aipatutako gaien artean, Merkelek erran zuen Turkia EBra batzeko negoziazioak hasi beharko liratekeela, baina Zipreko Errepublikako Atzerri ministro Ioannis Kasulidesek jada erran du hori gertatuz gero blokeatu eginen dutela. Turkiak 1974an inbaditu zuen Zipre, eta, ordutik, irlaren iparraldea nazioartean ezagutzarik ez duen de facto-ko errepublika turkiar independente bat da.
Alemanian bertan, berriz, joan den larunbatean Kolonian ustez ultraeskuindar batek labana batekin zauritu zuen alkategaiak hauteskundeak irabazi zituen igandean. Merkelen alderdiak babestu du Henriette Rekerren hautagaitza, eta Poliziak uste du errefuxiatuen auzian duen jarrerarengatik eraso ziotela.
(Puede haber caducado)