‘Auzoko’ egitasmoa martxan jarriko du arten ere Ibarrako Udalak

Herritarrak euskarara gerturatzea du asmoa eta lehenengo bilera asteartean izango da, kultur etxean

Diario de noticias de Gipuzkoa, , 09-10-2015

Ibarra – Auzoko programak iaz Ibarran izan zuen arrakasta ikusirik, Udalak aurten jarraipena ematea erabaki du. Lehenengo bilera eguna asteartean, urriaren 13an, izango da, 19.00etan, Ibarrako kultur etxean.

Auzoko mintzapraktika gisako egitasmoa da, ez du inor euskalduntzeko asmorik, hori baino lehenagoko pauso bat da, herritarrak euskarara hurbiltzea du helburu. Proiektu honek herritarrak, aniztasuna eta euskara ditu ardatz. Jatorri eta hizkuntza desberdinetako ibartarrak harremanetan jartzea da garrantzitsua, eta hori euskaraz egitea. Horregatik Ibarran, Euskal Herriko beste hamar udalerritan bezala, proiektu honen aldeko apustua egin du Udalak.

Programa honen baitan, astean behin bilduko dira auzotarrak (euskaratik hurbil bizi diren pertsonak) eta auzokideak (euskaratik urrun bizi direnak). Azpimarratu dute ez dela etorkinentzat soilik, herritar guztiak onartzen baitira. Saio horietan aisia, euskara eta kultura uztartuko dira. Errepikapenen bidez euskara ikasteaz gain, sukaldaritza elkartrukeak, irteerak, jolasak… egingo dira. Behin taldea sortuta, kanpora begirako ekintzetan ere parte hartuko duen taldea izango da, hau da, herrian antolatzen diren ekintza desberdinetan parte hartzea da asmoa. – M.S.S.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)